Astelehen honetan goizean, Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusiorde eta foru-diputatu Teresa Laespadak datorren ostiralean, martxoaren 21ean, ospatuko den Arraza Diskriminazioa Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta martxan jarritako 'Bizkaia koloretan' izeneko kanpaina aurkeztu zuen.
Kanpaina hori arrazakeriaren aurkako aste bat osatzen duten jarduera batzuen barruan sartzen da, eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailak babestutako beste jarduera batzuk ere egingo dira. Adibidez, bihar (asteartea), ZAS! Euskadiko Zurrumurruen Aurkako Sarearen jardunaldi bat egingo da, edo, datorren larunbatean, Bilborocken, kulturarteko DAMBA Jaialdia.
Jarduera horiek guztiak atzo aurkeztu zituen Laespadak, Bilbon, dantza, musika, DJ bat eta graffittiak izan dituen kaleko ekintza batean.
Laespadak azaldu du aniztasunaren aldeko apustua egiturazko kontua dela foru-politiketan, Bizkaia gizarte plurala eta askotarikoa delako. Adierazi duenez, argi eta garbi esan behar da Bizkaia dagoeneko gizarte mestizoa ere badela. Nabarmendu du errealitate horrek aberastu egiten gaituela.
Haren ustez, onkeriarik eta engainurik gabe, aurre egin behar diegu kultura-aniztasunak dakartzan erronkei eta zailtasunei, aukera bihurtzeko, hori baita gure begien aurrean daukaguna. Amaitzeko, ondorioztatu du, arraza-diskriminazioaren aurkako kanpainak dioen bezala, ez dugula zuri-beltzean pentsatu behar, koloretan baizik.
Sentsibilizazio-kanpaina
Sentsibilizazio-kanpainari dagokionez, leloa Bizkaia koloretan / Bizkaia a colores da. Bizkai ireki eta inklusiboaren alde egiten duen kanpaina da; desberdintasunak onartzearen alde eta batzeak gizarte inklusiboagoa, sortzaileagoa eta kohesionatuagoa izatea dakarrela ulertzearen alde egiten duena.
Arrazakeriaren aurkako aste hau aurkezteko erabili den kaleko ekintza astelehenean egin zen, EuskalRap kultura-elkartearen eta Betto Snay raperoaren laguntzarekin. Besteak beste, partaide hauek izan ziren: Afrian Vibes, Olicia, Lovalois, DJ Saugga eta Sol grafitigilea.
Asteartean, 9:00etatik aurrera, Bizkaia Aretoan, ZAS! Euskadiko Zurrumurruen Aurkako Sarearen jardunaldi bat egin da, «Trebe-ZAS! Migrazioa, komunikazioa eta joera politikoak» izenekoa.
Larunbatean, DAMBA jaialdiaren txanda izango da, Bilborock aretoan. EuskalRAP elkarteak antolatu du, Aldundiaren laguntzarekin. Kulturarteko eta arrazakeriaren aurkako musika-topaketa bat da, eta aurtengoa bosgarren edizioa da.