2024ko [d]arc awards argiztapen-sari ospetsuenetan finalista izendatu dute, Arte kategorian, Sestaoko Labe Garaiko argi eta soinu instalazio artistikoa. Labe Garaiko argi- eta soinu-instalazio artistikoa joan den azaroan inauguratu zen.

Zazpi profesionalek osatutako epaimahaia izan da aurtengo edizioko proiektu finalisten aurretiko hautaketa egiteko ardura izan dutenak, guztiak ere azken urteetako [d]arc sarien aitorpen gorena irabazi dutenak. Sestaoko Labe Garaia Kanada, Japonia, Estatu Batuak, Mexiko, Txina, Alemania, Albania, Herbehereak eta Erresuma Batuko proiektuen aurka lehiatuko da.

Martxoaren 7tik, ostirala, zabalik dago epea argiztapen-diseinatzaile independenteek, argiztapen-artistek, barne-diseinatzaileek, arkitektoek eta diseinatzaileek lehiaketaren web-orrian proposamenak baloratu eta bozkatzeko. Botoa emateko epea martxoaren 28ra arte egongo da zabalik, eta haien erabakia apirilaren 24an Londresen egingo den sari-banaketa ekitaldian jakinaraziko da.

Labe Garaiak saria eskuratzeko aukerak txikiak badira ere, lehiatzen diren proiektuen garrantzia kontuan hartuz gero, talde independente batek hautatu eta nazioarteko mailako sari horien finaleraino iritsi izana harro egoteko arrazoia da udalarentzat, bai eta bultzada bat ere azken urteotan ondare industriala berreskuratzeko eta balioesteko egiten ari den lanarentzat.

Elektrart enpresako Jon Astorquiza artistak eta Joseba Beristain konpositoreak diseinatutako ekipamendua Labe Garaia parkean instalatutako bi zutoinez osatuta dago. LED motako zortzina foku dituztenak, gauez Labe Garaia kolore-sorta zabalarekin argiztatzeko. Hilean behin, argi- eta soinu-ikuskizun bat egiten da Labe Garaien ekoizpen-prozesu osoa gogorarazteko, hau da, mea meatzeetan erauzi, fabrikara garraiatu eta altzairu bihurtzeko lanak biziberritzeko.