Datorren urteari begira Bermeoko Udalak, Gizarte Ongizate Sailaren bitartez, nagusiei zuzendutako Gorputza martxan eta Burua martxan programak eskaintzen jarraituko du. Bi programa hauen helburua da zahartze aktiboa sustatzea. Burua martxan programaren kasuan galera kognitiboa ekidin gura da eta Gorputza martxan programan, ordea, galera fisikoa.

Burua Martxan programari dagokionez 24 pertsonek parte hartu ahal izango dute, bi taldetan banatuta. Parte hartzaileak 60 urtetik gorakoak izan behar dira, eta ezingo dute buruko gaixotasunik eduki. Astean bi saio egingo dira, astelehen eta eguaztenetan, ordu eta erdikoak.

Eta Gorputza Martxan programan 60 pertsonek parte hartu ahal izango dute, lau taldetan banatuta. Parte hartzaileak 60 urtetik gorakoak izan beharko dira, eta ezingo dute gaixotasun fisiko larririk eduki. Kasu honetan astean ordu beteko saio bi egingo dituzte. Bestalde, taldeetan parte hartzeko, lehentasuna izango dute 75 urte edo gehiago duten herritarrek, menpekotasun egoera gradu I dutenek edo senitarteko jagole direnek.

Programa hauetan parte hartzeko tokia mugatua denez, abenduaren 16an egingo den zozketan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute abenduaren 13a baino lehen. Izena emateko 675 916 856 telefono zenbakira deitu daiteke, astelehenetik barikura, 9:00etatik 14:00etara.