Bermeoko Udalak kontzientziazio-kanpaina bat jarri du abian abandonatutako txakurrak arduraz adoptatzeko. Udalak, animalien ongizatearekin konprometituta eta indarrean dagoen araudia betez, momentu honetan hainbat egoeratan erreskatatutako 12 txakur dauzka bere menpe; horietako bi harrera-etxe batean daude, eta asmoa da adopzioa urrian zehar formalizatzea, egokitzapena ona baldin bada.

Txakurrak jasotzeko arrazoien artean daude abandonua, tratu txarrak, neurri administratiboak ez betetzea edo bide publikoan noraezean dabiltzan identifikatu gabeko txakurrak detektatzea. Animalia horietako bakoitzak beharrezko zainketak jasotzen ditu adoptatu bitartean. Beraz, Udalaren nahia da hainbeste behar duten animalia horiei bigarren aukera bat eskaintzea.

Kanpaina honekin Bermeoko Udalak herritarrak adopzioaren garrantziaz sentsibilizatu nahi ditu eta txakur hauei maitasunez betetako etxe bat aurkitzeko aukera eskaini nahi die. Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak azaldu duenez, “asmoa ez da bakarrik abandonatutako animalien kopurua murriztea, baita komunitate solidarioago bat sortzea eta maskota bat izateak dakarren erantzukizunaz jabetzea ere”.

Txakur hauek adoptatu nahi dituztenek edota informazio gehiago nahi dutenek Mungiako Quincocan txakur zentroarekin eta Bermeoko Txakur Can zentroarekin harremanetan jarriz jaso dezakete.