Inoizko partehartzerik handiena izango du datorren larunbatean, irailaren 7an, Bermeon ospatuko den Salome Campos zeharkaldiaren hamargarren edizioak. Guztira 783 igerilarik hartuko dute parte ekimenean. 5.000 eta 1.500 metroko kategoriak bete egin dira, bakoitzean 350 igerilari egongo dira, eta 500 metrokoan 17 leku geratu dira soberan.
Ekimenak Salome Campos omentzea du helburu, duela mende bat baino gehiago Izaro uharteraino igerian egin zuen emakume bermeotarra. Campos kontserba enpresak antolatzen duen zeharkaldiak, Bermeoko Udalaren eta Gurutze Gorriaren laguntza du, azken hau segurtasunaz arduratuko da.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak esan du “ohore handia” dela bermeorentzat ekimen arrakastatsu hau hartzea. Gainera, proba honetan emakumeek izaten duten parte hartzea nabarmendu gura izan du, asko izaten direlako.
Aurten, jaietako lehen egunarekin batera dator, gainera, itsas zeharkaldia. Lehiaketa urtez urte sendotzen ari dela esan du Xabier Ortuzar Butron kirol zinegotziak, parte hartzea urtez urtez gehitzen doala nabarmenduta: “Aurten inoiz baino igerilari gehiago egongo dira igerian Bermeoko uretan, poztekoa da”.
Bermeoko Campos kontserba enpresako Marketin zuzendari Aintzi Laburu Landeta “oso pozik” agertu da aurten itsas zeharkaldiak izango duen parte hartzearekin: “Oso pozik gaude, parte-hartze errekorra izango dugulako. Pandemia ostean, parte-hartzean jaitsiera sumatu genuen. Goi mailako entrenamendua behar da 5.000 metroko zeharkaldia egiteko eta ikusten dugu berreskuratzen ari dela. Jendeak ikara galdu dio berriro ere probari”.
Larunbateko ordutegia hurrengoa izango da:
- 11:00etan: 500 metroko distantzia.
- 11:25ean: 5.000 metroko distantzia.
- 11:45ean: 1.500 metroko distantzia.
Aurten ere, bermeotarrak egongo dira Salome Campos itsas zeharkaldian, 61 bermeotar, hain zuzen ere. “Tamalez, 5.000 metroko kategorian ez da bermeotar emakumerik egongo, 15 gizonezko baino. 1.500 metroko proban, 43 bermeotar egongo dira eta horietatik 21 emakumeak izango dira. Azkenik, 500 metrokoan, 3 bermeotar izango ditugu eta bat izango da emakumea”, adierazi du Laburuk.
Datu orokorrei erreparatuta, sexuaren arabera, % 39 emakumeak izango dira eta % 61 gizonezkoak. Adinaren arabera, parte-hartzaileen % 33,6k 45-54 urte bitartean dituzte, % 17,2k 35-44 bitartean, % 13,7k 13-17 bitartean, % 11,9k 55-64 bitartean, % 11,1ek 25-34 bitartean, % 5,4k 18-24 bitartean eta % 4,6k 12 urte baino gutxiago.
Eta azkenik, jatorriaren arabera, igerilarien % 51,5 Bizkaitik datoz, % 11,9 Zaragozatik, % 11,9 Gipuzkoatik, % 8 Arabatik, % 5,5 Nafarroatik eta % 5,1 Errioxatik.
Laburuk aipatu du, Adnan Mustafic iazko irabazleak aurten ere parte hartuko duela Salome Campos itsas zeharkaldian, eta Enaitz Goñi ere berton egongo dela. Emakumezkoetan, berriz, iazko irabazlea, Lara Vicandi, ez da larunbatean Bermeon egongo, baina Bermeoko proban berriak direnak egongo dira, Barakaldoko Garazi Muñoz Bujedo edo Maria Lourdes Marquet Imaz donostiarra, esaterako: “Marka oso onak dituzten igerileriak izango ditugu Bermeoko uretan”.
Irabazleek Campos markako hegaluze eta atun kontserbetan duten gorputz-pisuaren baliokidea irabaziko dute sari modura. 5.000 metroko kategorian parte hartzen dutenek, halaber, txapela ere jasoko dute. 2. eta 3. postuan geratzen diren igerilariek, atun sorta desberdinak jasoko dituzte.
Antolaketa lanetan lagundu gura duen itsasontzirik baldin badago, info@salomecampos.com emailera idazteko eskaria egin du Laburuk.
Amaitzeko, Bermeoko alkateak eskerrak eman dizkie bai antolatzaileei eta baita ere eguna ondo ateratzeko lan egiten duten boluntario guztiei, “lan izugarria egiten baitute hau guztia antolatzen”. Era berean, bermeotar eta bisitari guztiak gonbidatu dituzte zapatuan Bermeora etortzera, “kirol eta jai giroaz gozatzera”.