Bermeo eta haren inguruko lekuak izango dira, urtero bezala, milaka eta milaka turistentzako derrigorrezko geldialdia euren oporretan. Hori dela eta, Bermeoko Udalak, Bizi Bermeo ekimenaren bidez, eskaintza turistiko berezia eta zabala prestatu du uztaila eta abuzturako, bere webgunean aurkitu daitekeena.
Adin guztietara bideratutako eskaintza dakar Bizi Bermeok, aukera polit askorekin. Herrigunean bertan, Bermeoko Frantziskotarren eliza bisitatu eta Jose Angel Lasaren -n, -z, -tik, -rantz eskultura erakusketaz gozatzeko aukera dago uda honetan, Bizkaiko klaustrorik zaharrenetarikoan. Ertzilla Dorrean kokatuta dagoen Arrantzaleen Museoa da Bermeon bisitatu behar den beste lekuetako bat, eta udan ere badago horretarako aukera. Oraingoan, gainera, bisitariek Iñaki Marcaidaren Bermeo Portu Zaharra 1877-2024 erakusketa daukate ikusgai. Eta, zelan ez, Bermeoko bazterrak, herriaren identitatea, tradizioak, gastronomia… ezagutzeko aukerak ere badaude, bisita gidatuak eginez.
Bermeo ezagutzeko beste modu bat itsasotik egitea da, eta horretarako ere aukera ugari aurkezten ditu Bizi Bermeok, itsasontziz nabigatzea esperientzia ahaztezina delako.
Gaztelugatxera bisita gidatuak
Bermeotik Gaztelugatxeko San Juanera abiatuko den autobus zerbitzua eta bisita gidatuak antolatu ditu Bermeoko Udalak, Turismo Bulegoaren bitartez, eta hurrengoa eskaintzen da: Bermeotik Gaztelugatxeko San Juanerako joan-etorria autobusez, gida laguntzailea eta Gaztelugatxera sartzeko tiketaren kudeaketa. Bi ordu eta erdiko bisita gidatuak izango dira, eta 09:30ean eta 11:30ean aterako dira Lamerako autobus geltokitik. Uztailean, astelehenetik zapatura bitartean eskaintzen dira bisita gidatuak, eta abuztuan, berriz, egunero. Gaztelugatxeko San Juan ezagutzeko “modurik erosoena” dela esan dute Bermeoko udal ordezkariek.
Erreserbak Bizi Bermeo webgunearen bitartez egin daitezke. Nagusiek 10 euro ordaindu beharko dituzte, 6 eta 12 urte bitartekoentzat 3 euro izango da, eta doakoa izango da, berriz, 6 urtetik beherakoentzat. Gehienez, 6 urtetik beherako 2 ume joan ahal izango dira helduen erreserba bakoitzeko.
Bermeo Tuna Pintxo Tour
Bizi Bermeo eskaintzaren baitan, Bermeo Tuna World Capitalekin elkarlanean, Bermeo Tuna Pintxo Tour ekimenaz gozatu ahal izango da uztailean eta abuztuan. Modu horretara, gure gastronomiaz gozatzeko aukera egongo da herriko 21 tabernatan. Horietan, hegaluze onena dastatu ahalko da, Bermeoko itsasontziak hegaluzea harrapatzen duten sasoi honetan. Hartara, gure herriak itsasoarekin, arrantzarekin eta hegaluzearekin duen lotura agerian uzteaz gain, gure tokiko produktua sustatzen da.
Bermeo Tuna World Capital logoa daukaten bost tabernetako pintxoak dastatu, tabernetako zigilua lortu eta horretarako prestatu den diptikoa beteta, zozketa batean parte hartzeko aukera egongo da. Diptikoa Turismo Bulegora eroan beharko da, eta hori egiten dutenek, Bermeo Tuna World Capitaleko otzara bat irabazteko aukera edukiko dute, uztailean edo abuztuan egingo diren zozketetan. Otzarak bertoko produktuak izango ditu, etxean ere kalitaterik onenaz gozatzen jarraitzeko.
Bermeoko Udalak herritarrak zein bisitariak animatzen ditu Bermeo Tuna Pintxo Tour ibilbideaz disfrutatzera, betiko pintxoak betiko moduan dastatzeko aukera ematen baitu.
Udako turismo eskaintzari buruzko informazio gehiago behar dutenek Turismo Bulegoan bertan eska dezakete, 94-617 91 54 telefono zenbakira deituta, turismoa@bermeo.eus helbide elektronikora idatzita edo Bizi Bermeo webgunean bertan.