Sormen Beka DA! deialdi berria atzotik dago martxan. Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak egitasmoaren zazpigarren deialdia abian jarri dute euskarazko sorkuntza sustatzeko eta sortzaile berriei bidea errazteko helburuarekin eta oraingo honetan, esku-hartze artistikoei zuzendutako deialdia izango da. Sarituko den proposamena, 2025ean Durangoko Arte eta Historia Museoan eskaintzea da helburua eta irabazleak 15.000 euroko dirulaguntza jasoko du urtebetean proiektua gauzatu ahal izateko.
Atzo goizean, Durangoko Museoan egindako prentsaurrekoan, edizio berriaren xehetasun guztiak azaldu zituzten Paule Sánchez Durangoko Udaleko Euskara zinegotziak eta Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak. Gauzak horrela, “sortzaile berriaren definiziorako, aurkezten duen proiektua bere lehen edo bigarren esku-hartzea artistikoa izan beharko da eta taldean edo bakarka aurkeztu ahal izango da lana”, argitu zuen Nerea Mujikak. Zentzu horretan, sormen bekarako proposamenak Durangoko museoan edota museo inguruan egiteko esku-hartzeak izan beharko dira, horretarako edozein diziplina aintzat hartuta: piktorikoa, eskultorikoa, ikus-entzunezkoa, performatiboa... Lanak, beste aldetik, Euskara Jendea izango du gaitzat.
“Sormen Beka funtsezkoa da Durangoko Azokaren barruan eta egitasmoaren helburu nagusia zein den ikusita Durangoko Udala laguntzaile konprometitua izan da eta izango da euskarazko kulturari eta sorkuntzari gure babes osoa erakutsiz”, nabarmendu zuen Paule Sánchez zinegotziak.
Aurreko sei edizioetan erreparatuta, Sormen Bekak fruitu onak eman ditu eta literatura, musika, ikus-entzunezko, proiektu digitalak, arte eszenikoa eta familia transmisioan eragiteko proposamenak saritu dira. Izan ere, 2018an Rol munduan sartu ginen Atopiakoen eskutik, 2019an Iratxe Agileraren Kai Nakai musika lana ezagutu genuen, urtebete beranduagoa Bañolet telesaila etorri zen, 2021ean, berriz, Barraka bideojokoa eta 2022an Jon Ander Urrestiren Eukalyptus proposamen eszenikoa. Aurreko urtean, Argizagi familia ikuskizuna saritu zen eta aurtengo azokan estreinatuko da.
Lanak irailaren 21era arte aurkeztu daitezke eta irabazlea 59. Durangoko Azokan jakinaraziko da.
Sormen Beka Da!
Deialdi berria. Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak egitasmoaren zazpigarren deialdia abian jarri dute.
Helburua. Egitasmoaren helburua euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei bidea erraztea da.
Gaia. Deialdi honetan esku-hartze artistiko bat sarituko du Durangoko Sormen Bekak. Zehazki, Durangoko museoan edota museo inguruan egiteko esku-hartzeak izan beharko dira. Hala nola, piktorikoa, eskultorikoa, ikus-entzunezkoa, performatiboa...
Epea eta saria. Lanak irailaren 21era arte aurkeztu daitezke eta irabazleak 15.000 euroko dirulaguntza jasoko du.