Ate joka dagoen Euskal Jaien 26. edizioan, udalerriko 28 elkartek, kultur sustatzailek, ikastetxek eta erakunde publikok hartuko dute parte eta ekainaren 1tik 16ra bitartean Durangoko kaleak kirol tradizionalez, euskal dantzaz, jolasez, kalejiraz eta kontzertuz beteko dira. Beste behin ere, Durango euskal kulturaren epizentroa izango da, adin guztiei zuzendutako 20 kultur-jarduera baino gehiagorekin.
Datozen egunetan egingo den programa bereziari buruzko xehetasunak emateko prentsaurrekoa eskaini zuten atzo eta, beste behin ere, agerian geratu zen jai hauen helburu nagusia. “Euskal Herriko folklorea, ohiturak eta kultura sustatzea, herritarrak euskal tradizioen zaintzan eta indartzean inplikatuz, herriko erakunde eta elkarteak direlarik jarduera ezberdinen benetako protagonistak eta antolatzaileak”. Zentzu horretan, Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak eta Jesica Ruiz alkateordeak euskal kultura eta euskara sustatzeko elkarteek egiten duten lana goraipatu zuten. “Euskal kultura eta euskara sustatzen duten elkarte guztiek gure udalerriko bizitza kulturala aberasteaz gain, gure nortasun kolektiboa indartzen du eta gure ohiturak eta hizkuntza etorkizuneko belaunaldientzat bizirik jarraitzea ziurtatzen du”.
Egitarauari dagokionez, Euskal Jaiak ofizialki ekainaren 5ean hasten badira ere, ekainaren 1ean, Marrazketa, Pintura eta Eskulanen Eskola Arteko XV. Lehiaketako sari banaketa egingo da. Ekainaren 5ean, Kurutziaga Ikastolako ikasleentzako haurrentzako zinema izango da, eta arratsaldean, berriz, Loraldia Eskola antzezpena San Agustin Kultur Gunean. Egun berean, mendiko dokumentalak aurkeztuko dira Zugaza zineman. Ekainaren 7an, Jolas Eguna ospatuko da San Ignazio Parkean eta XIII. Pilota Txapelketako finalak Ezkurdi Jai Alai Pilotalekuan. Gainera, Jolas Egunak Magdalena, San Fausto eta Otamotzena auzoetan egingo dira, auzo elkarteekin batera.
Ekainaren 8an, XX. Zesta Punta Txapelketa eta Euskal Pilota Maratoiaren finalak ospatuko dira, eta, ondoren, Muskildi eta Tronperri taldeek euskal dantza erakustaldia eskainiko dute, baita txistu eta folk kontzertua ere San Agustin Kultur Gunean. Hilaren 9an, Tabirako Musika Bandak kontzertua eskainiko du Andra Mariko elizpean. Bestalde, ekainaren 15ean, Artisautza Azoka antolatu da, kalejira eta dantza erakustaldiarekin. Gainera, berritasun gisa, Euskadiko Herri Kirol Txapelketa ospatuko da Ezkurdi plazan. Egitaraua ekainaren 16an amaituko da Julene Azpeitia lehiaketako sari banaketarekin eta Durangoko Orfeoiaren kontzertuarekin.
Euskal Jaiak
Ekainaren 1etik 16ra. Durangok 26. Euskal Jaiak ospatuko ditu ekainaren 1etik 16ra, eta aurten 28 elkartek, kultur sustatzailek eta erakunde publikok hartuko dute parte.
Programazioa. Kirol tradizionalez, euskal dantzez, jolasez, kalejiraz eta musikaz beteko dira Durangoko kaleak eta adin guztiei zuzendutako hogei kultur jarduera baino gehiago barne har-tzen dituen jai egitaraua osatu da. Egitarau guztia www.durango.eus webgunean kontsulta daiteke.