Berriz zabalduko da Gure Etxea Usansoloko adinekoen egoitzako taberna, eta establezimendua kudeatzeko eta zerbitzua emateko ardunadun bat behar du Galdakaoko Udalak. Hala, kargua hartzen duenak bi urterako kontratua sinatuko du, eta beste bi urtez luzatzeko aukera izango du baita ere, nahi izatekotan.
Esleipendunak ez du egoitzaren erabileragatik alokairua ordaindu beharko eta ur, argi eta berogailu gastuak ere Udalak ordainduko ditu. Bestetik, langileak, bere salmenten bidez lortutako diruaz gain, 534 euro jasoko ditu izan ditzakeen irabazi txikiak konpentsatzeko. Oporrei dagokionez, urtean gehienez ere 30 egunez egongo da itxita egoitza, eta uztaila edo abuztua izango da oporraldi garaia, Udalarekin adostuta.
Lan horretarako esleitzen den langileak adinekoen zentroa zabaldu beharko du, establezimenduaren funtzionamenduaz arduratu, eta egoitza ixi. Horrez gain, kultur ekitaldiak eskaintzeko aukera ere izango du. Honakoa izango da ordutegia: martitzenetik domekara 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara. Jaiegun berezietan ordutegia moldatzeko aukera egongo da.
Adinekoentzako udal zentroak pertsona nagusien elkarbizitza eta haien bizi kalitatea pixkanaka hobetzera bideratutako azpiegiturak dira, adinekoen elkarteek beraiek programatzen dituzten jardueretan parte hartuz. Egoitza horien barruan dago taberna zerbitzua.
Hala, Gure Etxea Usansoloko adinekoen egoitzako tabernaren kudeatzaile izateko interesa dutenek Gizarte Ekintzara deitu dezakete informazio eske (94 401 05 45).