Datorren asteartean, urriaren 24an, Liburutegien Eguna ospatuko da. Hori dela eta, Elorrioko Udalak egitarau berezia prestatu egin du, egun berezi hori herritar guztiekin ospatzeko. Hori dela eta, egun horretan libururen bat maileguan hartzen dutenen artean liburu sortak banatuko dira udal liburutegian, irakurleei esker ona adierazteko.

Ospakizunei, berriz, urriaren 27an emango zaie hasiera, ostiralean: Ezberdin bezain eder ipuin kontaketa musikatua eskainiko du Naita Produkzioak, 17:30ean, Haur Liburutegian. 8 urtetik beherako haurrentzat gomendatuta dago, eta ederki pasatuko dute denek Nerea Ariznabarreta eta Mariano Hurtadoren kontakizun eta kantuekin.

Lehen hezkuntzako bosgarren eta seigarren Mailako elorriarrek, bestalde, arratsalde batez liburuzain izateko aukera izango dute Gaur neu ere liburuzain ekimenean parte hartuta. Aldez aurretik hitzordua jarri eta astearte edo asteazken batean, 16:30etik 18:00etara, liburuzain lanak egin ahalko dituzte liburuzainaren laguntzaz. Izena emateko liburutegian jaso dezaketen eskaera bete behar da.

Bukatzeko, eta urtero moduan, martxan da dagoeneko 12 urtetik beherakoentzako irakurketa lehiaketa. Partaideek bi liburu irakurri beharko dute gutxienez, eta haien iruzkina egin, liburutegian emango dioten inprimakian. Lehenengo fitxa azaroaren 24a baino lehen entregatu beharko da lehiaketan parte hartzen jarraitu ahal izateko, eta bigarrena abenduaren 22a baino lehen. Datorren urteko urtarrilean egingo da sari banaketa parte hartzaile guztiekin.