Datorren larunbatean, urriaren 21ean, tokiko graffitizaleek hitzordu berezi bat izango dute Galdakaon, bertan ospatuko baita aurreko edizioetan harrera bikaina izan duen Graffestaren bosgarren edizioa. Goizetik arratsaldera bitartean Galdakaoko Udaleko 'Gazte Berpiztu' programako hezitzaileek antolatutako ekintza ugari garatuko dituzte.
Antolaketa lanetan aritzen diren gazteek, beraien zaletasunetik haratago, herriko gazteria guztiarentzat antolatzen duten ekimena da Graffesta eta programa zabalagoarekin eta berrituarekin datoz bosgarren edizio honetara.
Espazio berri bat hartuko du Graffestak datorren larunbatean: anbulatorio ondoko tunelean ezezik, Urreta eskolan ere izango du zer egin eta zer ikusi, graffitiak margotzen aditua denak zein lehenengoz esperimentatu nahi duenak.
Herriko kuadrilla eta eragileen parte hartzea ere bultzatu nahi dute antolatzaileek, eta horretarako, mosaikoak egingo dira eragile eta kuadrillen ikurrekin. Horrez gain, DJ saioa, parte hartzaileei zuzendutako bazkaria, tailerrak, jokoak, ‘takeo’ lehiaketa eta giro ona izango dira herriko gazteek antolatuta eta herriko gazteentzat zein egun horretan giroa ikustera hurbildu nahi duten guztientzat.
Graffestako egitaraua
Ekintza guztiak urriaren 21ean egingo dira, larunbatean
- 10:30 Ongi etorria (Urretako tunelean)
- 11:00 Graffiteroak, kudrillak eta eragileak pintatzera
- 14:00 Bazkaria graffiteroentzat (Urreta eskolan)
- 16:15 DJ saioa (Urreta tunelean)
- 16:30 Graffiti tailerra (Urreta eskolan)
- 18:15 Takeo lehiaketa