Aurreko edizioak izandako harrera ona kontuan izanda, martxan jarri du Atarrai mendi taldeak 'Mugarriz mugarri' izeneko jardueraren edizio berri bat. Larunbat honetan bertan ospatuko da, urriaren 21ean, eta nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute. Hori bai, goiz jaiki beharko dira, espedizioa goizeko 8etan abiatuko baita Patxi plazatik. Jarduera honen helburua Ermuko lurralde mugen arteko mendi ibilaldia egitea da, leku esanguratsuenak ikusiz.
Antolatzaileek adierazi dutenez ibilbidea erritmo lasaian eta sei bat ordutan edonork egiteko modukoa da, baldin eta oinez sarritan jarduten badu. Txango honetarako ez da ezer ordaindu behar, doan baita kartelean iragartzen denaren arabera. Dena den antolatzaileek aldez aurretik izena ematea gomendatu dute, horretarako artarrai@euskalnet.net postontzira idatzi edo 638 050634 telefonora parte hartzaileei Errekalden hamaiketakoa eskainiko baitiete eta taldearen kopurua ezagutzea komenigarria zaielako. Iaz berrehun lagunek parte hartu zuen ibilbidean. Ea aurtengoan pertsona gehiago animatzen diren.
Parte-hartzaileek Errekaldenbn hamaiketakoa egingo dute
Txangoa ‘Mugarriz Mugarri’ izenaz da ezaguna, lurrak edo mugak markatzeko erabiltzen diren harriei ematen zaien izena bera erabiliz. Tamainari erreparatuz gero, Ermua nahiko txikia da 6,49 Km2 besterik ez baititu. Inguratzen gaituzten guztiek tamainaz are handiagoak dira.
Hori horrela, txikitxoa izatean aukera ematen du ibilbide osoa egun bakar batean egiteko, herrian dauden baserri bakanak bisitatuz eta Ermuko mugak Mallabia, Zaldibar edo Eibarrekiko markatzen dituzten mugarriaz zapalduz. Ibilbide honetan Urko mendi gainera ere igoko da, gure lurraldean dugun mendirik garaienera, nahiz eta bere tontorra Eibarko lurretan duen.
Ibilbidea ondokoa da: Sallabente, Eitza, Telleria eta Ureta baserriak, 634 errepidea eta TVA enpresa, Mallamendi, kanposantua, Errekalde, Urko gaina, Hirumugarre (721 m), Urko (791 m), Elorreta goikoa, Karia eta Sallabente.