Leartibai Fundazioak eratu berri diren Lea Artibai eskualdeko udal-gobernu guztiak batu ditu Markina-Xemeinen kokatutako Lea-Artibai Berrikuntza Gunean, “garapen ekonomikoaren inguruan hitz egiteko”. Entitateak iazkoan aurkeztu zituen, jendeaurrean, etorkizunerako zehaztutako lan-ildoak, eta hauek udalerrietako ordezkariei errepikatu zieten. “Lea-Artibai eskualdearen garapen ekonomikoaren aldeko apustua berretsi eta indartzeko sortutako erakundeak sei arlotan ardazten du bere jarduna: ekintzailetza, industriaren lehiakortasuna, merkataritza, turismoa, talentua eta landa eremuaren garapena”.

Bestetik, Lea-Artibai eskualdea Bizkaian indartsu kokatuko duten proiektuak definitzeko apustua egin du Fundazioak 2023 urte hasieran aurkeztu zuen 2030 Plan Estrategikoaren baitan. “Ibilbide-orri berriak bost proiektu eta hiru egitasmo estrategikotan oinarritutako bost lan-lerro espezifiko bildu ditu Lea-Artibai eskualdearen garapen ekonomikoa bultzatzeko: eskualdeko industria traktorearen trantsizioa eta lehiakortasuna babestea; arrantza-industriaren eta itsasoaren bilakaera sustatzea, Euskadin erreferentziazko jarduera ekonomiko iraunkorrerantz; turismo iraunkorra garatzea, Bizkaiko eta Euskadiko estrategien barruan; enpresa-ehun dinamikoa eta lehiakorra finkatzea eskualdean dauden sektoreetan eta eskualdearen gaitasunetatik abiatuta, gorabidean dauden joera eta sektoreei lotutako jarduera ekonomiko berria sortzen laguntzea.

Leartibai Fundazioaren patronatua eskualdeko garapenerako ezinbestekoak diren erakundeek osatzen dute; hala nola, Lea Artibai Ikastetxea, Leartiker zentroa, eskualdeko 12 udalak, Lea Artibaiko Landa Garapen Alkartea edota fundaziak.