“Hasi dira Tonpoi guneko bigarren faseko lanak”. Hala aurreratu zuten atzokoan Bemeoko Udaleko arduradunek. Kostako gunea berreskuratzeko proiektuaren lehen atala iazko uda aurretik zabaldu zuten, Tala ondoan, 253.000 euro inbertitu ostean. Lehen ekintza honen bitartez –Europar Batasuneko LIFE-Urban Klima 2050 planaren baitan egin zena–, berdegunea errekuperatu zen bermeotarren erabilerarako publikorako, baita iraunkortasuneko eta ekonomia zirkularreko irizpideak bete –material natural eta tokiko jatorridunak eta kostaldeko ekosistemaren berezkoak diren landare-espezieen erabilerarekin–. Bada, “300 metro inguruko esku-hartzea izango da” lehendabizi egingo dena, “Bermeoko Tala eta Aritzatxuko hondartza lotzen dituen pasealekuan” jardunez.

Aurreikuspenen arabera, udaberri partean izango da ibilbidea erabilgarri, lanok hiri hileko epea baitute. Eta bizilagunek hondartzara joateko aukera izango dute, ohiko pasabidearen ordez –hilerriaren eta institutuaren ondoan dagoena– kostako bidea erabilita. “Proiektu honi esker, bermeotarrek eta bisitariek udarako gune eder honetaz gozatu ahal izango dute modu seguruan”, gaineratu dutenaren arabera. Kasu honetan, Bermeoko Udalak lurrak kudeatu ditu –17.804 euro inguru bideratu ditu lurrak kudeatzeko– eta Kosta zuzendaritzak “orain arteko bidea egiten jarraituko du”.

Hala ere, lanok jarraipena izango dute. Izan ere, berehala hasiko dira inguruko udal-administraziopeko lurrak berreskuratzeko bigarren faseko lanak. “Udalaren jabetzakoak diren lurretan jardungo da”, eta besteak beste, “lurrak garbitu”, eta txabola eta bestelakoak kendira, gunea bere egoera naturalera itzultzeko. Hamarkadetan txabolaz osatutako gunea lehengoratuko dute. “Hots, gunea berriro naturalizatuko da”, bertoko zuhai-tzak –arteak, lizarrak, ereinotza, etabar– eta landareak erabiliz eta biodibertsitatea errespetatuz eta gune egokiak sortuz. Azkenik, landare inbaditzaileak kentzeko aukera izango da. “Ez da ezer gehiago jarriko, ez mobiliariorik, ez argiztapenik”, zehaztu dutenez. Bermeok Udalak egingo duen inbertsioa 123.400 eurotakoa izango da.