Bihartik aurrera hasiera emango zaio Lekeitioko Euskal Zine Bileraren (EZB) 45. edizioari. “Euskara hutsean egiten den zine jaialdi bakarra” ikus-entzunezkoen jaialdi soil bat baino askoz gehiago da. Sail Ofizialaz gain, non Euskal Herriko lurralde ezberdinetatik heldutako lanak izango dira lehian bihartik eta urriaren 22ra arte Urrezko Antzarraren bila, beste hainbat ekimen antolatu dira, besteak beste Euskal Zinemaren Begirada; (H)emen; Kameratoia; Atzo 8… “Euskarazko ikus-entzunezko arloarekin lotutako ekintza ugari antolatuko dira, sektorearen presentzia indartu eta euskarazko filmen sustapenarekin”, antolatzaileek azaldu dutenez.

Euskal Zine Bilera ezaguna bada, bere baitan hartzen duen lehiaketagatik da. “Hori horrela, zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ezberdinduko dira. Eta gainera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren irabazlea”. Sariei dagokienez, hauek izango dira: Film onenaren sariak 3.000 euro eskuratuko ditu; zuzendaritza onenaren sariak 1.600 euro; gidoi onenak 1.600 euro; ikuslearen sariak 750 euro; eta Gazte 22 sariak beste 750 euro. “Zuzendari ospetsuak eta amateurrak, genero eta ikuspegi ezberdinetako lanak, fikzioak eta dokumentalak. Denetarik izango dugu Sail Ofizialeko Lehiaketan, zalan-tzarik gabe azken urteetako maila handienetakoa erakutsiz”. Epaileak Getari Etxegarai, Paul Urkijo eta Izaskun Urkijo izango dira.

“Aurtengo edizioa inoiz baino herrikoiagoa” izango dela nabarmendu dute antolatzaileek. Herriarekin lotu nahi gara berriz eta zinemara joateko ohiturari balorea eman. Eta, horretarako, indar guztiak harremanetan inbertituko ditugu aurten eta bilera izaera bereziki sendotuko dugu”, adierazi zuten ekimenaren aurkezpenean.

Ekimen ezberdinak

Aurtengoan, “begirada berezia” egingo diote Ramon Agirre aktorearen ibilbideari. Eta ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeez osatutako elkartea den (H)emenek hitzordu berezia izango du Lekeition. Bestetik, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean egiten den Kameratoia urriaren 21tik 23ra ospatu da. Eta azkenik, Atzo 8 espazioan, “super 8 lantegi bat garatuko da Zine-Lab proiektuko kideekin batera”. Urriak 23an ospatuko da lantegia.