Bermeoko Mapa Morea lantzen hasiko dira gaurtik aurrera “udalerriko eragile eta herritarrekin batera”. Ekimen honen helburua da genero-ikuspegitik udalerriaren hiri-diagnostikoa egitea hiri-plangintzan eta diseinuan aintzat hartzeko. Mapa Morea osatzeko lau saio egingo dira Kultur Etxean. Zehazki, eta gaurkoaz aparte, urriaren 10, 17 eta 24an batuko dira erabat irekiak izango diren batzarretan.

Prozesu honetan ez dira hirigintzan adituak behar, “Bermeon bizi diren arituak baizik. Beraz, herriko edozein auzotan bizi edota bertako kaleetan orduak ematen dituen emakume (edo gizonezko) orori zuzenduta daude saioak, adina, jatorria eta bizi-baldintzak edozein direla ere”, Udaleko arduradunek zehaztutakoaren arabera. Izan ere, puntu beltzen mapa bat baino gehiago da Mapa Morea, orokortasunean egingo dena. “Era honetako mapen helburua hiri-ingurunea batez ere emakumeen segurtasun-ezaren ikuspegitik berrikustea izan ohi da”.

Baina udalerria “betaurreko moreekin aztertzeak beste eremu asko ukitzen ditu, gehienetan nahikoa aintzat hartzen ez direnak hiri-plangintzan eta diseinuan. Bermeo hainbat ardatzen arabera aztertzea proposatu da, espazio publikoen eta ekipamenduen alderdi negatiboez gain, aldi berean positiboak ere jasoko direlarik”.

Urrian zehar egingo diren lau saioetan, alde batetik, hainbat udal teknikari eta ordezkarik formakuntza eskaini eta parte-har-tzea sustatuko dute. “Bestetik, Bermeoko Udalak Mapa Morearen informazioa kontuan hartuko du hiri-plangintzan eta hurrengo proiektuetan”. Datozen asteetan egingo diren saioez aparte, “tarte bat zabalduko da online parte-hartzerako. Saioak Kultur Etxean egingo dira, 17:30ean, erderaz, eta 19:00etan, euskaraz”.

Lau saio Aurrez markatutako egutegiaren arabera, saio bakoitzak gai zehatzetaz eztabaidatzeko aukera emango du. Bada, gaurkoan “udalerriaren azterketa, segurtasunaren, irisgarritasunaren eta mugikortasunaren ikuspegietatik” begiratuko zaio. Datorren astean, urriaren 10ean ospatuko den hitzorduan, “udalerriaren azterketa” egingo da, “ongizatean, elkarbizitzan, zainketetan eta kontziliazioan oinarritua”. Bestetik, urriak 17ko jardunaldian Bermeoko hainbat espazio eta eraikin publikoen diagnostikoa egingo da, beti ere “genero-ikuspegitik”. Azkenik, urriaren 24ko batzarrean “epe laburrera Bermeon garatuko diren proiektuei ekarpenak” egingo zaizkie genero-ikuspegitik. Udaleko bozeramaileek azaldu dutenez, “saioetara agertzeko aukerarik ez dutenentzako galdetegi digital bat ere prestatu da”, guztien ekarpenak jaso eta landu ahal izateko.