Lekeitioko udalak Karmengo Ama, Antiguako Ama, Basotxo eta Santa Katalina kaleen berrurbanizazioren lizitazioa atera berri du. Udaleko bozeramaileek argitutakoaren arabera, proiektu honen helburu nagusia “irisgarritasuna, ur-hornidura, argiteria publikoa edota saneamendua berriztea” izango da, 972.000 euroko kostua izango duten lanen bitartez, BEZa kontutan izan barik. Herri administrazioak bertoko bizilagunen iritziak izan ditu kontutan, azken hilaete hauetan jaso dituenak, “auzoen bizi kalitatea hobetzeko eta azpiegitura berri eta eraginkorragoak” izateko proposamenarekin. Uda garaia pasata, lanak urri partean hasteko esperantza dute.

“Auzo hauetako lanen proiektua IIngenia Ingeniería y Arquitectura izeneko enpresaren esku egon da eta duela hilabete batzuk, auzokideekin bilera zabala egin zen proiektuaren berri eman eta hauen ekarpenak jasotzeko”, jakinarazi dute Udaletik. Baita lanak “bi fasetan” egingo direla, beti ere lanak inongo zailtasunik gabe esleitzen badira. Lehendabizi Santa Katalina y Karmengo Ama kaleak berrurbanizatzeari ekingo zaio, “eta bigarrenean Antiguako Ama eta Basotxo kaleak” hobetuko dira.

Azken aldian “Lekeitioko herriko beste hainbat kaletan egin den antzera irisgarritasuna, ur-hornidura, argiteria publikoa edota saneamendua berrizteko eta hobetzeko lanak egingo direla” zehaztu dute Lekeitioko Udaleko arduradunek. Bestetik, kontratuaren gehienezko aurrekontua -jada kontratugilearen profilean eskuragarri dena- “ondorengoa izango da: 972.400,36 euroko izango da, gehi BEZri dagozkion 204.204,08 euro”.

Lanak urrian

Uda garaia alde batera utzita -Lekeitioren popularioak nabarmen gora egiten duen aroa- lanak urrian hasiko direla aurretu dute Udaletik. “Berrurbanizazioaren bidez, auzoen bizi kalitatea hobetuko da, azpiegitura berri eta eraginkorragoak eskainiz. Lizitazioa irekita dago jada eta proposamenak aurkezteko azken eguna 2022ko uztailaren 20a izango da”.