Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako gazteria zerbitzuek, Urremendi Landa Garapen Elkarteak eta Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetza-hitzarmena sinatu berri dute Gaztedi Busturialdea izenburupeko proiektua etorkizunean garatzeko eta gauzatzeko. Helburu nagusia, lankidetzarako esparrua ezartzea da, “Busturialdeko udalerrietan gazteriaren arloko politika integrala ezarriz, sustatuz eta garatuz, gazteriaren arloko Bizkaia Gazteak estrategiarekin bat etorriz”. Eta zentzu honetan, 35 urtez azpiko gazteek sortutako enpresen sorrerran eta sendotze prozesuan bidelagun izan nahi dute.Bada, Gaztedi Busturialdea proiektuak biltzen dituen 18 udalerrietan (Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrieta) erroldatutako gazteek enpresak sortu eta hauek sendotzeko dirulaguntzak eskatzeko epea zabaldu dute. Orotara 21.000 euro baino gehiago izango dira, laguntzaren zenbatekoa 2.500 eurokoa izango delarik. Jakinarazi dutenez, “eskaerak 2022ko uztailaren 15era egin ahal izango dira”.

Planaren zuzkidura ekonomikoa 21.080 eurokoa da, eta onuradunak 35 urtetik beherako gazteak izango dira, 2021ean enpresa bat sortu dutenak eta Gaztedi Busturialdea proiektuaren parte diren udalerrietan erroldatuta daudenak. Halaber, “laguntzaren zenbatekoa 2.500 eurokoa da, betiere orain arte egindako inbertsioa 600 eurotik gorakoa izan bada”. Dirulaguntza hauek enpresak sortzeko eta sendotzeko Euskal Autonomia Erkidegoan ematen diren beste lagun-tza batzuekin bateragarriak dira.

Betebeharrak

Hala ere, Busturialdeko eskualdean ematen diren laguntza hauen onuradun izateko bete beharreko baldintzak honakoak izango dira: Ekonomia Jardueren gaineko Zergan (EJZ) eta Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB) edo baliokidean alta emanda egotea; edozein forma juridiko izatea; bazkideetako batek, gutxienez, eskualdeko herriren batean erroldatuta egotea; EJZn eta LAABn alta emateak etengabea izan behar du hasierako alta-datatik laguntzen ebazpen-datara arte; eta ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emateak eta Negozio Planak zuzeneko lotura izan behar dute.

Eskabideak Busturialdean diren gazteria saileko hiru bulegoetan egin beharko dira -horietako bi Gernika-Lumon, bestea Bermeon- eta informazio gehiago eskuragarri izango da www.gaztedibusturialdea.eus web atarian edota info@gaztedibusturialdea posta elektronikoan. l