Getxoko Udalak 86.000 euroko aurrekontua bideratu egingo du 1940an jaiotako herritarren etxeetan suteak prebenitzeko zerbitzuaren beste fase bat martxan jartzeko.

Detektagailua doan instalatzen den aparatu txiki bat da, etxean obrarik egin beharrik gabe, eta alarma-funtzioa beteko du suteren bat gertatzen bada edo ke arriskutsua pilatzen bada. Gainera, etxea bisitatzen duen teknikariak etxebizitzaren krokis bat egingo du, beharrezkoa izatekoan ebakuazioa egiten laguntzeko eta bisitatutako pertsonaren egoera pertsonalari eta egunerokoari buruzko galdetegi labur bat ere (boluntarioa).

Detektagailuak jarri aurretik, Udalak eskutitz bat bidaltzen die bisitatu beharrekoei jardueraren, zerbitzuaren eta bere funtzionamenduaren berri emateko. Ondoren, aipatutako pertsonek telefono deia jasoko dute detektagailua jartzeko hitzordua adosteko. Deia zein bisita ondo identifikatutako teknikariek egingo dute.

Carmen Díaz Gizarte Kohesioko zinegotziak nabarmendu duenez, “helburua da etxeetan suteen prebentzioan jardutea eta adinekoei segurtasuna ematea, beren inguruan modu seguruan bizitzen jarraitzeko aukera emate aldera. Gainera, ekimenak aukera ematen digu pertsonen etxebizitzetan konfiantza-giroan sartzeko, haiengana hurbiltzeko eta haien egoera ezagutzeko. Bisitetara teknikariak joaten dira, kasu bakoitza eta izan ditzaketen beharrak baloratzen dituzten gizarte-laneko profesionalekin batera. Horrela, Gizarte Zerbitzuetara lehen hurbilketa bat errazten zaie, pertsona batzuek ez baitituzte haien zerbitzuak ezagutzen”.

Diazek gaineratu du “oso garrantzitsua da Gizarte Kohesioaren arloan pertsonen bizitza presente egotea, eta ez itxarotea haiek gure baliabideak eskatu arte, batez ere adinekoen kasuan. Detektagailuen zerbitzua aspaldidanik eskaintzen da, eta oso harrera ona du”.

Udalak programa 2010ean abian jarri zuenetik, 2.170 detektagailu ipini ditu 1.759 pisutan (babespeko aparkamenduetan eta Eduardo Coste eta Ormaza kaleetako udal etxebizitzetan barne).