Aste honetatik hasita eta datorren 11ra bitartean, Gizarte Larrialdietarako laguntzak eskatzeko epea egongo da zabalik Getxon. Aurten 1.022.506 euro bideratu egingo ditu Getxoko Udalak laguntza horietara.
Laguntza horiek gastu arrunt eta ezohikoei aurre egiteko baliabide nahikorik ez duten pertsonentzat dira, gizarte bazterkeriako egoerak prebenitzeko, ekiditeko edo arintzeko. Urtero bezala, Udalak, beharrezkoa izatekotan, gainontzeko dirua ipiniko du eskaera guztiei erantzuna eman ahal izateko. Udal Gizarte Zerbitzuek laguntzak bideratu, gestionatu eta ordaintzeko ardura dute.
Urte honetarako Eusko Jaurlaritzak onartutako berrikuntzen artean, % 10 handitu da alokairu-gastuengatiko gehieneko muga egoera batzuetan, eta energia-gastuengatik eman beharreko gehienekoa (esparru horretan gertatu da igoerarik handiena) 900 eurotatik 1.500 eurotara igo da, ia % 70 gehiago, etxe asko jasaten ari diren pobrezia energetikoa arintzen laguntzeko. Carmen Díaz, Gizarte Kohesioko zinegotziak nabarmendu du “GLLen deialdi berri honetan Eusko Jaurlaritzak ezarritako gehieneko muga lortu dugu, alokairurako prestazioak %10 handituz, eta ahalegin handiagoa eginez energiaren arloan, ia %70 gehiago. Gure ustez, inflazio-egoera, bizitzen ari garen krisiak kateatuta, eragin handia izaten ari da getxotarren oinarrizko zerbitzuen kostuetan, eta, horregatik, gizarte-prestazioak handitzearen garrantzia, horietako asko pertsona ahulenen oinarrizko premiak asetzera baitatoz”. Diazek amaitu du “Udaletik gure bizilagunen egoerarekin sentiberak gara, eta gizarte izaerako laguntza eta diru-laguntza politika baten aldeko apustua egiten jarraitu nahi dugu, ekonomia zigortuenei laguntzeko”.
GLLak ohiko bizilekua edo etxebizitza erabiltzeko eta mantentzeko gastuak ordaintzeko zuzentzen dira, ondoko hauek barne: alokairua, kredituaren amortizazioa eta interesak, etxe-asegurua, EIT-Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa, etxearen konponketa eta egokitzapena, eta energia, ura, zaborra eta estolderia, OHZ, galdarak mantentzea, oinarrizko ekipamendua, oinarrizko beharrizanak (elikadura, janzkera, heziketa eta Osakidetzak estali gabeko osasun-arreta) eta zorpetzea.
ESKAERAK ETA JUSTIFIKAZIOAK
Beharrezkoa da aurretiko zita telefonoz eskatzea (dagokion bulegora), ondoren tramiteak egitera aurrez aurre joateko. Aurretiko hitzordua telefonoz eskatzeko zenbakiak dira 944660153 Romo-Areetako Oinarrizko Gizarte Zerbitzurako, 944660101 Algorta-Negurirako, eta 944660130 Getxo-Andra Marirako.
Eskatzaileek aurreko urteotan jasotako GLLen justifikazioak egunean eduki beharko dituzte. Emandako laguntzak justifikatu beharko dira gastuak egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztuz. Gastuen justifikazioak aurkezteko epea 2023ko urtarrilaren 31an amaituko da.