- Eskualdearen garapen ekonomikorako erakunde jaioberria aurkeztu duzue. Zer eginkizunetan arituko zarete?
—Leartibai Fundazioaren egitekoa garapen ekonomikoaren bidez eskualdearen eta bertako herritarren bizi kalitatea hobetzea da. Horretarako sei lan ildotan arituko gara: ekintzailetza, balio erantsi handiko jarduera ekonomiko berriak sustatuko ditugu; industriaren lehiakortasuna, enpresa industrialen lehiakortasuna hobetuko duten berrikuntza proiektuak garatzea da gure helburua, digitalizazioa eta jasangarritasuna oinarri hartuta; merkataritza, tokian tokiko merkataritza bultzatzea da gure nahia, eskualdeko 3 merkataritza-elkarteekin batera, sektorearen lehiakortasuna hobetzeko; turismoa, eskualdeko turismoko plan estrategikoaren gainean eraikita dago, gure eskualdea helmuga erakargarria izan dadin lanean gabiltza; enplegua, eskualdean dagoen laneratzea bultzatzeko eskaintza osotuko dugu, talentua sortu, erakarri eta mantentzeko proiektuak garatuz eta landa eremuaren garapena, eskualdeko Landa Garapenerako Alkartearen kudeaketa gure esku hartuz, sektorearen erronkak garatuko ditugu.
Leartibai Fundazioak beste erakunde batzuek (Azaro Fundazioa eta Leartibai Garapen Agentzia) egindakoari jarraipena emango dio?
—Azaro Fundazioa eta Leartibai Garapen Agentzia azken 20 urteetan elkarlanean aritu dira eskualdearen garapen ekonomikorako lanean, orain, indarrak batu dituzte Fundazio berriaren oinarriak eraikiz, talde sendo eta esperientziaduna bere baitan hartuz.
Leartibai Fundazioa adostasunean eraikitako erakundea da, bai agente publikoen eta baita pribatuen aldetik. Ematen du apostu sendoa egin dutela.
—Bere patronatuan eskualdeko eragile publiko eta pribatuak biltzen dituen Fundazioa eratu da. Erakunde sendo bat lortzeko publiko-pribatu oreka mantentzea ezinbestekoa dela deritzogu. Honen harira, Lea-Artibai eskualdeko 12 udalak egitasmo honetan batera daudela azpimarratzea garrantzitsua da, eskualdeko garapen ekonomikoaren alde lan egiteko indarrak batu dituztelako. Lea Artibai Ikastetxea, Leartiker S.Coop, eskualdeko Kooperatiben Mahaia Elkartea, Landa Garapenerako Alkartea, Bizkaia Sortaldeko Industrialdea eta Fundazioko langileak dira patronatuko gainerako kideak.
Lea-Artibai eskualdea "Bizkaian indartsu kokatuko duten proiektuak definitzeko garaia da". Hala adierazi zenuen aurkezpenean. Zeintzuk dira proiektuok?
—Aurkezpenean esan nuen bezala aurretiaz aipatutako sei lan ildoak dira gure eguneroko lana, baina ez da nahikoa, eskualde hau Bizkaian kokatuko duten proiektu traktoreak identifikatu eta garatu behar ditugu. Horretan gabiltza, garapen ekonomikoan oinarritutako eskualdeko plangintza estrategikoa egiten hasi berriak gara, bertan hainbat erakundek parte hartzen dute eta denon artean udara bitartean proiektu hauek identifikatzea dugu helburu.
Eskualdeak baditu indarguneak. Baina zeintzuk dira zehatz mehatz? Eta hobetu beharreko kontuak?
—Lea-Artibai eskualde industriala da, balio erantsi gordinaren %34a industriari dagokio eta lehenengo sektoreak ere pisu handia izaten jarraitzen du. Langabezi tasari dagokionez 2021 urtea %8,6arekin bukatu genuen, Bizkaia eta EAEaren tasen azpitik. Aldiz, azken urteetan hainbat eta hainbat izan dira itxi diren establezimenduak, batez ere, merkataritza eta ostalaritzakoak. Erronka handia dugu eskuartean, baita errenta mailaren arloan ere, eskualdeko indizeak EAE eta Bizkaiko balioetara ez bait dira heltzen.
Langabezi tasa txikia du Lea Artibaik. Bizkaia eta Euskal Herri maila baino txikiagoa. Hala ere lanera-tzearen alde lanean jarraituko duzue.
—Bai, talentu arazo nabarmena dago eskualdean eta arazo hau etorkizunean nabarmendu egingo dela dirudi. Talentua sortu, mantendu eta erakartzeko, eskualdeko ikastetxe eta kooperatibekin elkarlanean Talentatu programa dugu martxan, eta horretan jarraituko dugu etorkizunean gure eskualdean beharko diren profilak garatzeko lanean.
Enpresa handiak dituzue eskualdean. Hauen bidelagun izango zarete zuen egunerokon?
—Enpresa handi eta txikien bidelagun gara, beraien lehiakortasuna hobetzeko berrikuntzan oinarritutako zerbitzuak eta programak eskaintzen dizkiegu. Halaber, beraiek ere badira gure bidelagun, eskualdearen garapen ekonomikoarekin oso inplikatuta daude eta horren adierazgarri da, adibidez, Kooperatiben Mahaia Elkartea, 2006. urtetik kooperatiba berrien sorrerarako bultzatzaile klabea.
Landa garapenari eragiteak ere badu bere garrantzia.
—Eskualdean Landa Garapen Alkartea dugu eta eskualdeko berrantolaketa honen baitan eremu honen kudeaketa ere Fundazioaren esku geratzen da. Berebiziko garrantzia du lehen sektoreak, eskualdeko enpleguaren %9a berari dagokio eta, esaterako, Ondarroan enpleguari dagokionez sektore honek duen pisua %24koa da. Ezinbestekoa da, beraz, arlo honen garapenaren alde lanean jarraitzea.
Turismoa sustatzea eta tokiko merkataritza hobetzea ere jomuga jarri duzue. Nola egingo duzue?
—Sektoreko eragile eta erakunde publikoekin elkarlana ezinbestekoa da bai turismoan eta baita merkataritzan eragiteko. Eskualdeko merkatari elkarte eta turismo enpresekin arituko gara lanean beraien lehiakortasuna hobetzeko programak eskainiz eta Lea-Artibai eskualdea helmuga erakargarria bilakatzeko.
"Bere patronatuan eskualdeko eragile publikoak eta pribatuak biltzen dituen Fundazioa eratu da"
"Talentua sortu, mantendu eta erakartzeko, ikastetxe eta kooperatibekin elkarlanean Talentatu programa dugu martxan"
"Sektoreko eragile eta erakunde publikoekin elkarlana ezinbestekoa da bai turismoan eta baita merkataritzan eragiteko"