Gaur goizean, irailak 27, Bizkaiko Foru Aldundiak naturara itzularazi egin ditu hamaika harrapari (bost belatz, sai beltz bat, sai arre bat eta lau zapelatz arrunt). Animalia horiek Bizkaiko Fauna Basatia Birgaitzeko Zentroan izan dira tratatuak.

Bizkaiko Foru Aldundiko Espazio Naturalen zuzendariorde Roberto Cañónek parte hartu du animaliok askatzeko unean, eta berarekin izan dira zentroko langileak, arduraduna buru zutela, eta basozaintzako langileak. "Fauna Basatia Berreskuratzeko Bizkaiko Zentroak tokiko fauna kontserbatzeko egiten duen ekarpena funtsezkoa da biodibertsitatea babesteko gure estrategiaren baitan. Hala egiaztatzen du zentroaren 22 urteko ibilbideak, 20.000 animalia inguru jaso dira eta", nabarmendu du Antxustegik. Horrez gain, Gorlizko instalazioetan diharduten beharginen lanaren balioa azpimarratu du: "Urtean batez beste 350 animalia baino gehiago naturara itzularazi ahal izatea eragin duen esfortzua".

Urtea hasi zenetik eta irailaren 15era arte, foru zentroak 1.091 animalia jaso ditu, eta horietatik 525 bizirik iritsi ziren instalazioetara. Azken horietatik, 285 askatu dira eta beste 9 zentroarekin lankidetza akordioak sinatu dituzten erakundeei laga zaie, naturara berriz itzularazi ezin ziren aleak zirelako. Gainerakoek Bizkaiko Foru Aldundiaren Instalazioetan suspertzen jarraitzen dute.

Bizkaiko Fauna Basatia Birgaitzeko Zentrora iritsi diren animalia guztien artean, talderik handiena hegaztiena da (774), ugaztunen (206) eta narrastien (141) aurretik. Hegazti gehienak aurten iritsi dira zentrora, jendeak habiatik kanpo aurkitzen dituelako artean kume direnean. Dena den, ehuneko handi bat traumatismoen ondorioz ere sartu da. Ugaztunen kasuan, arrazoi nagusia errepideko harrapatzeak izan dira, eta narrastienean, aldiz, populazioaren kontrola; izan ere, sarri espezie aloktonoak izaten dira, hau da, ez dira berez Bizkaikoak.

Animalien kumeak maiz sartu ohi dira. Aurten, esate baterako, zentroak 756 kume jaso ditu (693 hegazti, 61 ugaztun eta 2 narrasti).

Gaur askatutako harrapariak ekitaldi honetan zehar jasotako 693 hegazti-kumeen talde horretakoak dira, baten kasuan izan ezik. Zapelatz arrunta ahultasunaren ondorioz sartu zen foru instalazioetan.

BELATZA

Gaurkoan, Bizkaiko hainbat udalerritik zetozen bost belatz askatu dira. Eguneko hegazti harrapariak dira, ikusteko errazak. Eremu irekiko eta sastrakadun habitata dute gogoko, eta harkaitzen edo eraikinen arrakaletan nahiz zuhaitzetako zuloetan egiten dituzte habiak; bestela, korbidoen eta beste hegazti batzuenak okupatzen dituzte edo, are, lurrean ere egin ditzakete.

ZAPELATZ ARRUNTA

Zapelatz arrunta tamaina ertaineko eta kolore oso aldakorretako harrapari mardula da. Hego labur samarrak eta oso zabalak dauzka, eta hegaldi jarraitua errazteko abaniko eran irekitzen duen buztana.

SAI ARREA

2,5 metroko tamainara iristen den eta 6 eta 9 kilo arteko pisua izan ohi duen harraparia da. Halako tamainari esker, Europako hegaztirik handienetakoa da. Eta luzaroen bizi direnetakoa ere bai.

SAI BELTZA

Europako harraparirik handiena da, eta munduko tamaina handieneko hegaztien artean dago. Luma arreak ditu, eta arrasto beltzak bizkarraldean. Gorputzaren sabelaldean tonu ilunagoa izan ohi du. Luzera txikiko luma zurbilez osatutako lepokoa dauka, eta lumatxa arre grisaxka labur batek estaltzen dio burua. Sai beltzak mendeetan zehar jazarpen indiskriminatua pairatu izan du, eta horrek desagerrarazteko zorian egotera eraman zuen. Hala ere, gaur egun hobetu egin da espezie horren egoera. Gaur-gaurkoz, espezie zaurgarritzat jotzen da.

Bizkaiko Fauna Basatia Birgaitzeko Zentroaren 22 urteko ibilbidean sai beltzaren bi ale baino ez dira jaso: gaur askatu dutena eta 2013an sartu zen beste bat.