- Atzokoa izan zen Euskal Zine Bilerako azken jardunaldia eta daborduko jakinak ziren euskara hutsean Euskadin egiten den jaialdia bakarraren 43. edizioko irabazleak. 19 film ziren lehian, den denak azaroaren 23tik 26era bitartean ikusi ahal izan direnak -zinebilera.eus orrialdean-, eta hiru izan dira gailendu direnak. Ikusentzunezko lan onenaren saria Bego Vicarioren Ehiza pelikularentzat izan da, aurtengo irabazle suertatuz. Hala, Urrezko Antzarra eta 1.900 euroko saria eskuratu ditu. Animazio lan “ikaragarria” da, “rotoskopia teknika maisuki erabiltzen duena”, antolatzaileek adierazi dutenez.
Baina epaimahakideek -Aitor Oñederra, Erika Olaizola eta Mikel Rueda zinegileek- beste bi lan ere goraipatu zituzten. Lehena, zuzendaritza onenaren saria eskuratu zuena, Aitor Mendilibar eta Ibon Goikoren Irten barrura izan da, “begirada berezi eta erakargarria aurkezten”. Berarentzat dira 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra. Gidoi onenaren kasuan, Imanol G. Gurrutxagaren Nigandik filma izan da garaile. “Isiltasun eta begiradekin errealitate garden bat aurkezten duen filmak, naturaltasun handiz familia arteko harremanak adierazten dituela” azpimarratu dute epaileek. Zinegileak 1.600 euro poltsikoratu eta Zilarrezko Antzarra jaso ditu. Bada, autoreak beste sari bat ere jaso du. Izan ere, “ikusleek astean zehar emandako botoen bidez EITB Ikusleen sariaren irabazle” suertatu da, beste 750 euroko ordainsaria jasoz.
“Era berean, epaileek aipamen berezia egin nahi izan diote Ekain Albiteren Haizearen egia filmari, saharar eta euskal kulturaren arteko talka hain ondo azaltzeagatik, filmak begirada lausotua aurkezten duela azpimarratu nahi izan dute, flashback eta narratiba tenporala bikain nahasiz”.
Eskerrak
Ezohiko egoeran ospatutakoa, aurtengoa edizio ezberdina izan da Lekeitioko jaialdiarentzat. hala ere, partaidetza zabala lortu du, 19 lan aurkeztuta, eta astean zehar beste hainbat ekimen egin ahal izan dira, beti ere pantailen bitartez. “Sekulako maila egon dela” azpimarratu dute epaileek, “genero eta izaera oso ezberdinetako lanak” batuz, eta “aniztasun horren bidez, istorio ikusgarri eta interesgarriez gozatzeko aukera” izanez. “Euskal Zine Bilerak irabazleak ez ezik, partaide guztiak ere zoriondu nahi” izan dituzte, “haien lanetan erakutsitako trebezia eta originaltasunagatik”. Ez hori bakarrik, “egunez egun zinebilera.eus orrialdean jaialdia jarraitu duten ikusleei ere eskerrik beroenak eman nahi zaizkie antolakuntzatik”.