Aste honen amaieran bukatuko ditu Bilboko Udalak Moyua plazako udaberriko lore-kanpainaren landaketa-lanak. Udalaren Parke eta Lorategien arloak garatu ditu hiriko berdegune esanguratsuenetako bat den espazio honetako lanak.

Sasoiko lorearen kanpaina apaindurazko jarduera garrantzitsuenetako bat da, eta urtean bi landaketa handi aurreikusten ditu: udaberrikoa, apirila eta maiatza bitartean garatzen dena -eta distira-maila gorena udan erdiesten duena-, eta udazkenekoa, erraboila-landaketekin batera egiten dena, hurrengo udaberriaren hasieran loratu daitezen.

Kanpaina honetako berrikuntza nagusia da Moyua plazako lorategietan landatutako espezie apaingarri gehienak aurrez landatu direla lore-tapizetan edo lore-zotaletan. Sistema berritzaile horrek landareen hazkuntza hobetzen du, transplantearen estresa murrizten du eta espezie arrotzen ugalketa murrizten du.

Plazan guztira 20.000 lore ale landatuko dira lore-zotalen eta 2.000 loreontzian.

Kanpainari buruz

Kanpaina honetako lore-diseinuak konposizio kromatiko oso bisual eta dinamikoaren aldeko apustua egiten du. Kanpoko triangeluetan alegriaren barietateak egongo dira, gorriak eta zuriak, eta barruko eremuetan izpiliku arloak kontrastean.

Erdiko laukizuzenean salbia farinazea urdinak, begonia zuriak eta arrosak eta tagete horiak konbinatuko dituzte; barruko "kartaboietan", berriz, alegria arrosa/lila eta zuriak jarriko dituzte, eta horiek inguratuz tagete horiak. Iturri nagusiaren ondoko parterreak begonia arrosez beteko dira.

Loragintza-lanak gauez egin dira baita ere. B. U.

Jasangarritasuna

Apaingarri moduan duen balioaz gain, kanpainak ingurumen- eta jasangarritasun-osagai garrantzitsua du. Erabilitako espezie gehienak urteko landareak dira, eta horien ziklo begetatiboa urte barruan amaitzen da. Landare-hondakinak Konpostegira eramaten dira ondoren, konposta egiteko.

Era berean, tapizetan erabiltzen diren materialak biodegradagarriak dira, eta landaketan erabiltzen diren plastikozko erretiluak eta loreontziak mintegi ekoizleei itzultzen zaizkie, berrerabiltzeko.

Bilboko Udaleko Parke eta Lorategien Sekzioak gogorarazi nahi du oso garrantzitsua dela parterreak eta lorategi-eremuak une oro errespetatzea, baina batez ere datozen asteetan; hortaz, ez dira zapaldu behar eta ez zaie animaliei sartzen utzi behar, era horretako ekintzek landareak behar bezala haztea eragozten baitute.