Bilboko Udalak 1.049.415,84 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZa barne, Deustuko Rafaela Ybarra kalea berrurbanizatzeko. Lanak datorren atean hasiko dira, eta hamaika hilabeteko exekuzio-epea izango dute. Obrak Done Petri plazaren eta Botikazar erriberaren artean garatuko dira.

Lan horien helburua izango da espaloiak handitzea eta hiri-altzari berriak jartzea, eremu osoari koherentzia estetikoa emateko eta hurbileko eta duela gutxi berritutako beste espazio batzuekin lotzeko, hala nola Done Petri plazarekin eta Madariaga etorbidearekin.

Gaur egun, kalearen azalera (3.437,26 metro koadro guztira) honela banatzen da: 1.615,99 metro koadro oinezkoentzako gunean eta 1.741,21 metro koadro ibilgailuentzako gunean. Proposatutako obrak amaitzean, kalkulatzen da oinezkoentzako gunea 1.967,42 metro koadrokoa izango dela eta ibilgailuentzako gunea 1.430,26 metrora jaitsiko dela; gainera, berdeguneko ia 40 metro koadro sortuko dira halakorik ez zeukan bidean.

Obra hiru fasetan egituratuko da, bat kaleko tarte edo etxadi bakoitzeko.

Lehenengo fasea

Lehenengo zatia da oinezkoen joan-etorri eta jarduera handiena daukana, hau da, Agirre Lehendakariaren eta Madariaga etorbideen artean dagoena.

Tarte horretarako, zenbaki bakoitietako espaloia nabarmen handitzea proiektatu da –sei metroko zabalera gainditu arte–, orain dagoen aparkaleku-banda kendu eta galtzadaren zabalera murriztuko baita.

Espaloi horretan, hiri-landarediko eremu berriak sortuko dira, Madariaga etorbidean egindako diseinu eta paisaia-tratamenduarekin bat etorrita, auzoaren jarraitutasuna eta identitatea sortzeko.

Aparkalekua zenbaki bikoitien espaloian mantenduko da, mugikortasun urriko pertsonek aparkatzeko lekua, Bilbao Biziren puntu bat eta zamalanetarako guneak dituena.

Berritutako Madariaga etorbidea. B. U.

Bigarren fasea

Bigarren zatia Madariaga etorbidearen eta Blas de Otero kalearen artean dago. Zuhaitzen txorko berriak jarriko dira, akabera berrietara egokituta, eta alboetan aparkatzeko banda biak gordeko dira.

Zenbaki bikoitien aldean, espaloiak 4,40 metroraino zabalduko dira eta galtzadaren zabalera 3,5 metrora murriztuko da, ibilgailuen trafikoaren funtzionaltasuna arriskuan jarri gabe.

Hirugarren fasea

Azkenik, bidearen hirugarren eta azken zatia Deustuko Blas de Otero kalearen eta Botikazar erriberaren artean dago. Eremu horretan, jarduketa zenbaki bakoitietako espaloira mugatzen da; izan ere, beste espaloia aldez aurretik egindako esku-hartze batean berritu da.

Ildo horretan, egin beharreko obrak hiri-multzoaren jarraitutasun funtzionala eta estetikoa bermatuko du, eta barne hartuko du hornidura-sareak, sare elektrikoak , zoladura eta dauden zuhaitz-txorkoak berritzea.