Gobernu Batzarrak azken bileran baldintza-agiria onartu eta gero, Bilboko Udalak asteazken honetan goizean, apirilaren 8an, atera du lehiaketara hirian bidaiariak autobusez garraiatzeko hiri-garraioaren zerbitzu publikoa emateko lizitazioa.

Kontratuak, besteak beste, alderdi hauek biltzen ditu: zerbitzua planifikatzea, antolatzea eta ustiatzea, beharrezkoak diren baliabide materialak eta giza baliabideak eskura jartzea eta mantentzea, erabiltzaileei arreta ematea, zerbitzuari lotutako informazioa eta sistemak kudeatzea eta aurreikusitako inbertsioak gauzatzea, kontratua indarrean dagoen bitartean behar bezala ematen direla bermatzeko.

Adostu zen moduan, kontratuaren lizitazioaren administrazio-klausulen agirietan prezioak berrikustea sartzen da, Eusko Jaurlaritzaren Kontratazioko Aholku Batzordeak onartutako formularen arabera.

Kontratua

Kontratuak Bilbobus herritarren eguneroko mugikortasunerako funtsezko zerbitzu gisa jasotzen du, 10 urteko iraupena du eta 2027ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean. 538.840.792,84 euroko aurrekontua du eta bertan sartzen dira zerbitzuaren kalitatea eta jasangarritasuna bermatzeko flota berritzeko behar diren inbertsioak.

Baldintza-agirian zehazten diren hobekuntzen artean, hauek nabarmentzen dira: Elorrietako kotxetegiak egokitzea, autobus elektrikoen kopurua handitu ahal izateko; geralekuetan dauden informazio-pantailak berritzea; eta bidaiariak zenbatzeko sistema bat ezartzea, edukiera hobeto kontrolatu ahal izateko.

Zehaztapenen artean sartzen da, halaber, etorkizuneko kotxetegiak hartuko dituzten instalazio berriak eraikitzeko proiektua idaztea.

Informazioa hobetuko duten tresna informatiko berriak garatzeaz gain, proiektu pilotu berritzaileak garatzeko aukera ere ematen da, gidatze konektatuari/autonomoari eta eskariaren araberako zerbitzuari dagokienez.

Kontratu berriak, halaber, ibilbideak eta maiztasunak aldatzeko aukera jasotzen du, zerbitzua kilometroka eta orduka ordaintzea ezartzean.

Zeharkako kudeaketa

Kontratuak Bilboko Udalak zeharkako kudeaketaren aldeko egindako apustua jasotzen du; izan ere, kontratatu nahi den jarduera beharrezkoa da Sailaren eskumenekoa den zerbitzu bat emateko, eta haren xedeak ez dauka baliabide propioekin eman beharreko prestaziorik. Prestazio hori ezin dute bere gain hartu Saileko giza baliabideek eta baliabide teknikoek, eta, gainera, ez da komeni edo ezinezkoa da horiek berrantolatzea.