Trafikoak aldaketa ugari jasango ditu Bilbo osoan zehar datorren astelehenean, apirilaren 6an, egun horretan ospatuko den 2026ko Itzuliaren lehenengo etapa dela eta, bertan hasi eta amaituko baita 13,9 km iraungo duen banakako erlojupekoa.
Lasterketak trafikoa moztea ekarriko du, batez ere 12:00etatik 19:00etara. Ia barruti guztiei eragingo die horrek, bereziki Artxandan, Deustun, Uribarrin, Begoñan eta Zazpikaleetan (Udaletxea eta Areatza).
Zirkuituko kaleetako garajeak eta aparkalekuak sarbiderik eta irteerarik gabe geratuko dira. Eta ondoko kaleetan daudenak seinalisten laguntzaz arautuko dira.
Bizikleta bidezko mugikortasunari (bidegorriak), oinezkoei eta garraio publikoari eragingo die. Bilbobusek eta Bizkaibusek aldaketak izango dituzte ohiko ibilbideetan eta geralekuetan. Horien berri emango da, zehatz-mehatz, markesinetan, informazio-paneletan, app-etan, sare sozial ofizialetan eta 010 telefono-zenbakian.
Horregatik guztiagatik, Udalaren izenean, Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak honako hau gomendatzen du: "ahal den neurrian, egun horretan ez erabili ibilgailu pribatua. Gure hirira hurbildu behar baduzu, erabili garraio publikoa, ahal dela trena, metroa edo tranbia".
2026ko Itzuliaren lehenengo etapa erlojupekoa izango da. Begoñako basilikako aparkalekuan hasiko da (12:30etik 16:00etara, gutxi gorabehera) eta Etxebarria parkean bukatu.
Hori dela-eta, lehenengo mozketak Etxebarria parkearen inguruan hasiko dira (Zumalacarregui etorbidea, Begoñako Basilikaren ingurua), Guridi Musikariaren Plazan, 8:00etatik aurrera, gutxi gorabehera.
Ibilbidea
Etapak hurrengo ibilbidea izango du Bizkaiko hiriburuan zehar:
Juan XXIII plaza – Zabalbide – Ibarsusi-Egirleta errepidea – Egirleta errepidea – Artxanda – (udalaren eskumenekoak ez diren beste bide batzuk) – Enekuri errepidea – Egirleta – (udalaren eskumenekoak ez diren beste bide batzuk) – Enekuri etorbidea – Ibarrekolanda – Enekuri etorbidea – Agirre Lehendakariaren etorbidea – Francisc Maciá – Botikazar erribera – Unibertsitate etorbidea – Campo Volantín pasealekua – Erkoreka plaza – Quintana – Etxebarria parkea.
Lasterketan zehar, itxita geratuko dira kale guztietako bidegurutzeak zeharkako bideekin, eta, beraz, ezingo da bide horietara sartu.
Gainera, larunbateko (apirilak 4) 08:00etatik apirilaren 6ko (astelehena) 19:00ak arte, gutxi gorabehera, Begoñako basilikaren ondoan dagoen aparkalekua okupatuta egongo da (hesiak ipiniko dira aldez aurretik).
Eragin horien guztien berri emateko, informazio-liburuxkak banatu dira postontzietan, atarietan eta garajeetan, eremu bakoitzeko zirkulazio-murrizketei buruzko planoekin eta informazio xehearekin.