Bilboko Udalak izapidetutako obra-lizentzia kopurua % 8,5 hazi zen iaz, aurreko urtearekin alderatuz. 2025ean 6.464 lizentzia izapidetu ziren hainbat modalitatetan: obraren aurretiazko jakinarazpena, prozedura laburtua, prozedura arrunta eta obra handitarako lizentziak. 2024an, aldiz, 5.952.
Datuek erakusten dute Bilboko obra-lizentziek gora egin dutela oro har, batez ere obraren aurretiazko jakinarazpenen gorakadak bultzatuta; izan ere, herritarrek esku-hartze txikietarako gehien erabiltzen duten izapidea baita. 2025ean obraren aurretiazko 3.116 jakinarazpen erregistratu ziren, hau da, 2024an baino 402 gehiago (% 15 inguruko hazkundea), eta joera horrek berretsi egiten du etxebizitza eta lokaletako erreformekin eta hobekuntzekin lotutako jarduketa mota horien goranzko joera.
Komunikazioa
Obraren aurretiazko komunikazioa beharrezkoa da garrantzi txikiko obrak egiten hasteko lokal edo etxebizitzetan (beheko solairuan edo teilatupean ez daudenak, banaketa-aldaketarik gabe eta sukaldeko edo komunetako zorua ukitu gabe egurrezko eraikinetan), bai eta babestu gabeko eraikineko elementu komunetan ere (inguratzailea aldatu gabe eta egiturari eragin gabe). Izapide egokia da, adibidez, patioetako leihoak ordezteko.
Aldi berean, prozedura laburtuaren bidez izapidetutako obra txikiko lizentziak egonkor mantendu dira: 2.577 espediente, eta aurreko urtean 2.543. Joera horrek adierazten du jarraitutasuna dagoela udalaren kontrola behar duten baina proiektu teknikorik behar ez duten eraikuntzako esku-hartze txikien kopuruan.
Horrelako baimenak ematen dira eraikin baten barruan edo haren itxitura-elementuetan (fatxadak, estalkiak...) egiten diren eraikuntzako esku-hartzeetarako, baldin eta hala gomendatzen badute teknikoki errazak izateak eta obren eraikuntza- eta ekonomia-garrantzi eskasak.
Beste hazkunde batzuk
Bestalde, prozedura arruntaren bidezko obra txikiko lizentziek hazkunde nabarmena izan dute: 731 eskabide, 2024an 670 izan ziren bitartean; hau da, % 9,1eko igoera. Igoera horrek adierazten du nolabaiteko garrantzi teknikoa duten obretan -nahiz oraindik ere obra txikien kategoriaren barruan egon- jarduera handiagoa dagoela.
Era berean, obra handiko lizentziek ere gora egin dute: 2024an 25 izan ziren eta 2025ean 36, hau da, % 44ko igoera izan da. Jarduketa horiek guztiak obra berriko proiektuei dagozkie, eta guztira 436 etxebizitza eraikitzea ahalbidetu dute; horietatik 366 etxebizitza babestuak dira eta 70 etxebizitza libreak.
Oro har, datuen bilakaerak dinamismo gero eta handiagoa erakusten du hiriko eraikuntza- eta birgaitze-jardueretan, eta garrantzi berezia ematen zaie eskala txiki eta ertaineko esku-hartzeei, Bilbon ohikoenak izaten jarraitzen baitute.