Síguenos en redes sociales:

Aratusteen programazioa aurkeztu du Bilboko Udalak

Hiriak otsailaren 12tik 17ra ospatuko ditu Inauteriak

Aratusteen programazioa aurkeztu du Bilboko UdalakB. U.

Datorren ostiralean, otsailaren 12an, hasiko dira hilaren 17ra arte luzatuko diren Bilboko Aratusteak. Bada, astelehen honetan goizean, Bilboko Udalak ezagutzera eman du egun horietarako prestatutako jardueren programazioa.

Farolin eta Zarambolas, aurten Imanol Ituino eta Mertxe Gilek gorpuztuta, sei egunetan zehar festak gidatzeaz arduratuko dira. Haien harrera ofiziala otsailaren 12an, osteguna, izango da Alde Zaharrean, maskaren trukearekin; une horrek emango dio hasiera programazioaren muin nagusiari.

Programak, halaber, haurrentzako jarduerak, kontzertuak, kalejirak, musika-ikuskizunak, euskal dantzak, Erraldoiak eta Buruhandiak, eta Bilboko Aratusteetako ekitaldi adierazgarrienak jasotzen ditu; hauek Sardinaren Ehorzketa eta Erretzearekin amaituko dira.

Itziar Urtasunek, Bilboko Udaleko Berdintasun eta Jaietako zinegotziak, azpimarratu duenez, “Bilboko Aratusteak herritarrengan errotutako izaera identitarioa dute; jaia bizitzeko eta sentitzeko modu berezia da. Gure helburua da pertsona guztiek gustu eta adin guztietarako aisialdi- eta kultura-programazioa aurkitzea, eta horrekin identifikatuta sentitzea”. Era berean, gogorarazi du “hiriaz gozatu behar dela gogoz eta barre askorekin; Aratusteak aukera paregabea direlako benetan garena ospatzeko: hiri bizi, ireki, inklusibo eta errespetuzkoa, eta edozein eraso motaren aurrean tolerantzia zero erakusten duena”.

Ostirala, 13: ikastetxeen desfilea eta Farolin eta Zarambolasen epaiketa

Otsailaren 13an, ostirala, Aratusteak goizetik bertatik hartuko du Bilboko kaleak Ikastetxeen DesfilearekinBilboko 10 ikastetxetako ia 1.900 ikaslek (Ave Maria, Zurbaran Eskola, Sanchez Marcos Eskola, Maristak Bilbao, Mujika Eskola, Esclavas SC-Fátima, Ángeles Custodios Ikastetxea, Cervantes Eskola, El Pilar eta Artxandape Ikastola) kolorez eta giroz beteko dute hiria. 10:30etik aurrera, parte-hartzaileek Albiako Lorategietatik abiatu, Kale Nagusitik eta Areatzatik igaro, eta Plaza Berriko karpan amaituko dute ibilbidea; bertan txokolatada tradizionala egingo da, Jurassik Festa haurrentzako ikuskizunarekin batera.

Arratsaldean, Aratusteetako unerik esperoenetako batek berriro ere jende ugari bilduko ditu hirigunean. 17:45ean Farolin eta Zarambolasen atxilotzeko kalejira hasiko da Udaltxetik abiatuta. Atxiloketa Arriaga plazan egingo da, eta ondoren segizioa Plaza Berriko karpara joango da, non epaiketa eta iseka publikoa ospatuko diren.

Eguna amaitzeko, Asier Bilbaoren Imagine ikuskizuna izango da 22:30ean Plaza Berriko karpan.

Larunbata, 14: Erraldoiak eta Buruhandiak, mozorroak eta musika

Otsailaren 14a, larunbata, Bilboko Aratusteen egun handia izango da. Goizean, Plaza Berriko karpak haurrentzako tailerrak hartuko ditu, eta Gargantua Urkijo eta Mazarredo arteko zumardietan egongo da 12:00etatik 14:30era. Ordutegi berean, Erraldoiak eta Buruhandiak hiriko kaleetan ibiliko dira. Euskal dantzek beren tokia izango dute Arriaga plazan 12:30etik aurrera, azken 20 urteetan programatzen den erromeria tradizionalarekin. Bi hitzordu horiek Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren eskutik egingo dira.

Aurten, Erraldoiak 12:30ean abiatuko dira Arriaga plazatik Plaza Biribilerantz; han, 13:00etan, Farolin eta Zarambolasek jai-eremua ofizialki irekiko dute. Egun osoan zehar, Kale Nagusia Aratusteetako agertoki nagusietako bat izango da, mozorro-lehiaketa, kalejira, musika eta haurrentzako jarduerekin. Gogorarazi behar da Sardina Berastegi kalean egongo dela selfie-ak ateratzeko aukera emanez, 12:15etik 14:30era eta 17:30etik 20:00etara.

Eguna amaitzeko, topagune nagusia Plaza Berriko karpa izango da, 22:00etatik aurrera Lehian taldearen erromeriarekin.

Familia-kontzertuak eta Sardinaren Ehorzketa

Otsailaren 15ean, igandea, Erraldoiak eta Buruhandiak Alde Zaharreko kaleetan barrena ibiliko dira berriro ere, Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren eskutik, goizeko ibilbide alaiarekin hirigunea girotuz. Arratsaldean, 18:30ean, Plaza Barrian, dantzek hartuko dute lekukoa Gaztedi Dantza Taldearen Ihauteri Festa! proposamenarekin; ondoren, 20:00etatik aurrera, Bilbao Sozial Dantzaren areto-dantzak izango dira, aurten igandean ospatuko direnak.

Otsailaren 16an, astelehenean, Bilboko Udal Bandak familia-kontzertua eskainiko du Plaza Berriko karpan 12:30eanMitxel Santamarina eta Iñaki Marurirekin batera, Iñaki Urkizuren zuzendaritzapean. Publiko guztiarentzako pentsatutako proposamena izango da, musika, umorea eta gertutasuna uztartuz. Arratsaldean, espazio berean, haurrentzako tailerrak egingo dira 16:30etik 19:30era.

Otsailaren 17an, asteartean, 2026ko Aratusteei agur esango zaie, baina aurretik jai egun handia izango da. Programazioa 12:30ean hasiko da Plaza Barriko karpanBilboko Txistularien Udal Bandaren kontzertuarekin, Eriz Pérez gitarran eta Amaiur Cajaraville baxuan lagun direla. Ikuskizuna Anduriña Zurutuza pailazoak gidatu eta alaituko du.

Arratsaldean, Plaza Barria Sardinaren Ehorzketaren abiapuntua izango da. 19:00etatik aurrera, Farolín eta Zarambolas buru dituen hileta-segizioarekin, musikariek, dantzariek eta artistek lagunduta, hirigunean barrena ibiliko da Aratusteei agur sinbolikoa emanez. Ibilbidea Arriaga plazan amaituko da, non Sardinaren erretzea egingo den Sardina Erre Que Erre ikuskizunarekin, 2026ko Bilboko Aratusteei amaiera emanez.