Bilboko Udalak 1.165.000 euroko aurrekontua bideratuko du Santutxuko Auzo Ikuskaritza berritzeko. Iazko maiatzean 1.501.000 euroan erositako instalazioak berritzeko obrak datorren astean hasiko dira, eta hamar hilabeteko iraupena izango dute.
Komisaria berriak 485 metro koadro hartuko ditu. Lehenago, finantza-entitate batek erabiltzen zuen espazio hori, bi solairutan banatuta. Beheko solairua kalearen maila berean dago eta 255 metro koadroko azalera du. Herritarrei arreta emateko erabiliko da, kanpotik irisgarritasun osoa eta zuzena bermatuz. Bestalde, sotoko solairuak 230 metro koadro izango ditu eta Udaltzaingoaren barne-erabilerarako espazioa izango da.
Eraikina erabilera berrira egokitzeko, proiektuak eraikinaren barrualdea erabat berritzea aurreikusten du. Bestak beste, egungo banaketa aldatuko da, fatxadaren akaberen zati handi bat berrituko da, eta erabat ordeztuko dira iturgintzako, klimatizazioko, telekomunikazioetako, segurtasuneko, elektrizitateko eta argiztapeneko instalazioak.
Lanak amaitu eta ekipamendua ipintzeko prozesua burutu ondoren, udalaren aurreikuspena da Santutxuko Ikuskaritza berriak 2027ko lehen lauhilekoan irekitzea ateak.
Jarduketa hau Bilboko Udalak Segurtasun Itunaren bidez sustatzen duen auzoko, gertuko, komunitateko eta deszentralizatutako poliziaren ereduan kokatzen da. Segurtasun Ituna 2018an sinatu zen eta 2023-2027 Agintaldiko Planean indartu zen, baita 2024ko uztailean sinatutako luzapenean ere. Santutxuko Auzo Ikuskaritza berriarekin, Udaltzaingoak bere presentzia areagotuko du hiriko auzo populatuenetako batean, eta herritarrei ematen dizkien arreta, hurbiltasuna eta zerbitzua hobetuko ditu.