Bilbok arratsalde magikoa bizi izan du Ekialdeko Errege Magoen etorrerarekin. Melchorrek, Gasparrek eta Baltasarrek hiriko kaleak zeharkatu dituzte, milaka pertsona, bereziki haur ugari, bildu dituen Kabalgata batean, ilusioz, fantasiaz eta pozez betetako giroan.

Desfilea 18:00etan hasi da Kale Nagusian, eta 20:00ak aldera amaitu da Udalean. Bertan, Bilboko alkateak, Juan Mari Aburtok eta Berdintasun eta Jaietako zinegotziak, Itziar Urtasunek harrera egin diete Errege Magoeei. Ondoren, Udaletxeko balkoi nagusitik agurtu dituzte bertaratutako guztiak.

Ibilbidean zehar, ikusleek 10 karrozak eta kale-animazioko 5 ikuskizunek osatutako kabalgata ikusgarriaz gozatzeko aukera izan dute. Bertan, Gabonetako magiak, musika, argiak, kolorea eta pertsonaia ezagunak uztartu ditu. Transformers, Toy Story, Mario Bros eta Bluey pertsonaiek Errege Magoekin batera egin dute desfilea, txiki zein helduak amets egitera gonbidatuz.

Kabalgatan zehar, une bereziki nabarmenak bizi izan dira, hala nola sei metroko altuera eta mugimendu osoa duen Pegasus Handiaren agerraldia, Atenea jainkosari bidea irekiz; LED argiztapeneko txotxongilo erraldoiak; Ekialdeko iratxo magikoak; eta elurrezko panpinek gidatutako animazioa, publikoarekin etengabeko elkarreraginean aritu dena eta desfileari gabonetako giro beroa eman diona.

Aurreko urteetan bezala, desfilearen amaiera Karameluen Fabrika tradizionalak jarri du, glutenik gabeko hiru tona karamelu banatuz.

#BilbaoGabonak

Jarduera hauek guztiak #BilbaoGabonak ekimenaren barruan daude. Bilboko Udalak Gabonetarako abian jarritako proiektua da, hiria turismo-erakarpenaren erreferente eta aisialdi, kultura eta merkataritzarako gune nagusi gisa sendotzeko helburua duena.