Bilbok otsailaren 12tik 17ra bitartean ospatuko ditu aratusteak datorren urtean, baina dagoeneko martxan jarri du hain bereziak diren jaiak iragartzeko kartelaren lehiaketa. Astelehen honetan, azaroaren 24an, irekiko da parte hartzeko epa.

Berrikuntza gisa, aurten, herritarren bozketaren pisua handituko da epaimahaiak hautatutako 6 kartel finalisten artean erabakitzeko. Hala, jendearen bozketek, modu telematikoan zein aurrez aurre, % 35eko pisua izango dute kasu bakoitzean, eta epaimahaiaren botoak, berriz, % 30ekoa.

Jaiez, partaidetzaz eta publiko guztientzako jardueraz beteriko sei egun horiek iragartzeko lanak aurkeztu nahi dituztenek azaroaren 24tik (astelehena) abenduaren 26ko (ostirala) 23:59ra bitarteko epea daukate jatorrizko kartelak aurkezteko. Aurreko edizioetan bezala, gehienez ere obra bi aurkeztu ahal izango ditu parte-hartzaile bakoitzak. Lanok originalak eta argitaragabeak izan beharko dute, kolore eta teknika librearekin egin hala izango dira, eta generoa eta sexu-orientazioa, jatorria eta kultura, dibertsitate funtzionala, adina, klase soziala, gorpuztasuna eta abar aurkezteko orduan dagoen aniztasuna baloratuko da, rolak eta estereotipoak saihestuta.

Lanek formatu bertikala izan beharko dute, 50 cm x 70 cm-koa, eta modu telematikoan aurkeztu beharko dira udalaren webgunean, "2026ko aratusteetako kartelen lehiaketa" atalean. Atal horretan, parte-hartzailearen datu pertsonal guztiak beteko dira, eta kartelaren irudia duen fitxategi bat igoko da, JPG formatuan (izenburuarekin edo goiburuarekin izendatu beharko da, letra xehez, eta gehienez ere MB 1eko pisua izan beharko du) edo bereizmen handiko PDFan (300 ppp), inprimaketaren azken tamainan (formatu bertikala, 50 cm x 70 cm), testuak bektorizatuta daudela eta CMYK koloreko espazioarekin, eta izenburua edo leloa letra larriz jarrita.

Gainera, kartela egiteko adimen artifizialeko (AA) sistemak erabiliz gero, tresna horien erabili direla jakinarazi beharko da, esku-hartzearen maila zehaztuko da eta jabetza intelektualeko eskubideak errespetatzen direla bermatuko da. Edozelan ere, balorazioari dagokionez, gizakiaren esku-hartzea AAren erabileraren gainetik egongo da.

Bestalde, egile-eskubideei dagokienez, Udalak gogorarazten du egileak behar bezala kudeatuta izan beharko dituela kartelean dagoen edozein argazki, ilustrazio edo baliabide grafiko erabiltzeagatik dituen eskubideak. Beste obra baten irudirik erabili badu edo plagiorik egin badu, eta horregatik gorabeherarik izanez gero, egilea izango da erantzule bakarra, eta obra berehala erretiratuko da.

Epaimahaiak 9 kide izango ditu (5 artearen, diseinu grafikoaren eta inguruko komunikazioaren munduarekin lotuak; Udalbatzako 3 ordezkari, Jai Batzordeko presidentea barne, eta Bilboko Konpartsen ordezkari 1), eta sei kartel finalistak aukeratuko ditu; horien artean aukeratuko da, herritarren parte-hartzearekin, irabazle izango den lana.

Aurreko edizioetan bezala, herritarrek sei kartel finalisten arteko azken hautaketan parte hartu ahal izango dute. Kartel horiek Udalaren webgunean eta Abandoko Udaltegian jarriko dira urtarrilaren 12tik aurrera. Bozkatzeko epea, bai telematikoki bai aurrez aurre, urtarrilaren 18ra arte egongo da irekita. Kartel irabazlea aukeratzeko, kontuan hartuko dira herritarrek aurrez aurre emandako botoak (% 35eko pisua), modu telematikoan emandako botoak (% 35) eta epaimahaiaren botoak (% 30).

Azkenik, aukeratutako irudiak 2.000 euroko sari bakarra izango du.