Hainbat herritar-elkartek, ordezkari politikok, teknikarik, zerbitzuko operadorek eta erabiltzailek parte hartu duten azterlan sakon bat egin ostean, Bilboko Udalak Bilbobusen zerbitzua berrantolatzeko proposamena aurkeztu du gaur goizean, urriaren 31n, Mugikortasun eta Jasangarritasun sailaren bitartez.

Helburua da zerbitzua hiriaren eta auzoen benetako beharretara egokitzea (batez ere estaldura txikiena duten edo erdigunetik urrunen dauden auzoenak), gaur egungo kalitate-estandarrei eta ingurumen-jasangarritasunaren aldeko apustua egiten jarraitzeko konpromisoari uko egin gabe.

"Berrantolaketa honek ekitate eta konektibitate handiagoa dakar hiriko garraio publikora, sare adimentsuago, berdeago eta bidezkoago baten alde eginez; izan ere, egindako aldaketekin, zerbitzua gehien behar den lekuetan indartzea lortuko dugu", ziurtatu du Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak.

"Bilbobusen lineen berrantolaketari esker, efizientzia hobetu eta zerbitzua indartuko da goi-auzoetan, garapen-eremu berrietan eta beste garraiobide batzuetatik (trenbidea, metroa edo tranbia) urrun dauden zonetan", zehaztu du.

Proposamena egiteko prozesuan parte hartu duten taldeek berriro aztertu eta analizatuko dute. Proposamenaren arabera, 37 lineatik 39ra handituko da zerbitzua.

Hiriaren garapen-eremu berriak areagotu direnez, gaur egungo auzo-lineak linea erregular bihurtu dira, eta linea batzuk bitan banatu dira, Plaza Biribilaren intermodalitatea ahalbidetzeko. Horregatik, bada, linea erregularren kopurua handitu egin da, bai eta geltoki kopurua ere, orain dauden 527etatik 541era igaroko baitira.

Gaur egun erabiltzen diren linea guztiak mantendu egingo dira, baina zenbait egokitzapen egingo dira zerbitzua egungo beharretara egokitzeko. Errefortzu nagusia goi-auzoetan izango da, hala nola Iralan edo Miribillan, bai eta garapen berriko eremuetan ere, adibidez, Zorrotzaurren, non konexioak eta maiztasunak hobetuko baitira.

Hiriaren erdialdean aldaketak egingo dira, zerbitzua optimizatzeko beste garraio-zerbitzu batzuk ere badauden lekuetan. Intermodalitatea indartuko da Plaza Biribilaren zonan eta Geltoki Intermodalean, zerbitzuaren arintasuna hobetuz eta itxarote-denborak murriztuz.

Era berean, ondorengo fase batean egokitu beharko diren linea batzuk identifikatu dira, hiriaren etorkizuneko garapenak konektatuko baitituzte (Zorrotzaurre), edota azpiegitura berriak ezarriko diren zonak (Arangoitiko igogailuak, edo tranbia Olabeagara iristea). Beharrezkoak diren egokitzapenak egingo dira zerbitzuaren efizientzia bermatzeko.

Aldaketak lineetan

Hamaika lineatan zenbait aldaketa egingo dira ibilbidean, zerbitzua optimizatzeko xedez, batez ere hiriaren garapen berriei erantzuteko eta Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planaren (HMJP) helburuak betetzeko.

Bestalde, zerbitzua areagotu egingo da, maiztasuna handituko baita Artxanda, Bolueta, Miribilla, Zorrotza eta Zorrotzaurre auzoetatik igarotzen diren zazpi lineatan.

Maiztasuna egokituko da beste garraio publiko batzuk ere badauden zonetan zerbitzua ematen duten bost lineatan (Otxarkoaga, Arabella eta Castañosen).

Jasangarritasunaren eta ekitatearen kontzeptuak gailendu dira zerbitzuaren berrantolaketa honetan, inbertsio-bolumenari eutsiz, dauden baliabideak berrorekatuz, eta zerbitzuko kilometro eta ordu kopurua murriztu gabe. Zerbitzua indartuko da garraio publiko bakarra Bilbobus den eremuetan, eta bikoiztasunak murriztuko dira garraio publikoko beste alternatiba batzuk dauzkaten zonetan.

Bilbobus, ondo baloratutako zerbitzua

Aurten, orain arte, Bilbobusek berriro gainditu du azken 17 urteetako erabiltzaileen errekorra, 26 milioira iritsi baita; egun askotan, 100.000 bidaiari baino gehiago izan dira. Datu horiek erakusten dute goranzko joera dagoela oraindik. Bide horretan jarraituz gero, 2025a erabiltzaile kopuru handieneko urtea izan daiteke 1996az geroztik, 28 milioira iritsita.

Bilbobusek 141 autobus dauzka gaur egun; horietako 94 hibridoak dira eta 26 elektrikoak. Ondorioz, Europako flotarik moderno, jasangarri eta efizienteenetako bat da; autobusek, batez beste, 5,14 urte dituzte eta haietako % 85 berritu egin da.

Bilbobusek 527 geltoki ditu, hau da, Bilboko biztanleen ia % 100ak geltoki bat dauka etxetik 300 metro baino gutxiagora.

Gainera, urtez urte egiten diren kalitate-inkestek agerian uzten dute gogobetetasun handia dagoela zerbitzuaren erabiltzaileen artean, eta kalifikazioak "nabarmen" baino handiagoak direla beti.