Bilbobusen Elorrietako kotxe-tokietara bisita instituzionala egin dute gaur goizean, bertatik bertara ezagutzeko nola funtzionatzen duen Bilboko metroko energiaren bidez Bilbobusen autobus elektrikoak kargatzeko sistemak. Irantzu Allende Trantsizio Energetikoko sailburuordea, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Nora Abete Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzia izan dira kotxe-tokietan, Energiaren Euskal Erakundeko (EEEko), Metro Bilbaoko eta Bilbobuseko ordezkariekin batera.

Bisitan zehar, bertaratuek zuzenean ikusi dute autobus elektrikoak kargatzeko prozesua, eta zehatz-mehatz ezagutu Medusa proiektuaren esparruan gauzatutako sistemaren funtzionamendua.

ENERGIA-EREDU BERRITZAILE ETA JASANGARRIA

Medusak (EEE – Energiaren Euskal Erakundeak eta Repsolek osatuak) bultzatutako sistema aitzindari horrek erakusten du badagoela lehendik dauden azpiegitura elektrikoak optimizatzea, isurtzeak murriztu, kostuak txikitu eta hiri jasangarriagoa lortzeko, trenbide-zerbitzuari eragin gabe.

Ereduak aukera ematen du Elorrietako kotxe-tokietan dauden potentzia handiko —120 kW-ekoa bakoitza— 14 karga-puntutara bideratzeko Metro Bilbaoko potentzia elektrikoa. Horri esker, soberako energia erabiltzen da autobus elektrikoak kargatzeko, sarera konexio berririk egin gabe eta kontratatutako potentzia handitu gabe.

Sistema eguneko 24 orduetan dago monitorizatuta, segurtasuna eta efizientzia bermatzeko. Metroa martxan dagoenean, trenbide-garraioa da energiaren lehentasuna. Gauez, metro-zerbitzurik ez dagoenean, modu intentsiboagoan kargatzen dira autobusak; horrela, sistemaren efizientzia maximizatuz.

AURREZPEN EKONOMIKOA ETA ISURTZEEN MURRIZKETA

2024ko apirilean ezarri zenetik, 426 tona karbono dioxido (CO2) isurtzea saihestu du sistemak; hortaz, agerian geratzen da eredua funtsezkoa dela garraio publikoa deskarbonizatzeko.

Ingurumen-inpaktuaz gain, aurrezpen ekonomiko handia lortzen du proiektuak: Bilboko Udalak kontsumo elektrikoaren kostu aldakorra ordaintzen du soilik, potentzia-terminoa bere gain hartu beharrik gabe.