Urtero bezala, Bilboko Udalak parte hartuko du zailtasunak dituzten hegoaldeko herrialdeen garapena sustatzen. Horretarako, 2.760.047 euroko aurrekontua bideratuko du dirulaguntzetara. Aurtengo ekitaldian lehentasuna emango dio hezkuntzari, genero-berdintasunari, emakumeenganako indarkeriaren aurkako borrokari, urari eta saneamenduari.

Bilboko Udalak Garapenerako Lankidetzarako 2025eko dirulaguntzen deialdiaren behin betiko ebazpena onartu du, herrialde pobretuetan giza garapena, garapen jasangarria eta ekitatiboa sustatzen duten proiektuak eta gure hirian bertan Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzako programak babesteko. 

2025. urtean, 42 erakundek jaso dute laguntza, eta horiek 52 ekimen gauzatuko dituzte Latinoamerikako eta Afrikako herrialdeetan, hala nola Bolivian, El Salvadorren, Guatemalan, Rwandan, Senegalen eta Chaden, tokian tokiko erakunderekin lankidetzan. 

Bilboko Udalaren Garapenerako Lankidetzarako IV. Gida Planean (2022-2030) adierazten den bezala, dirulaguntzen deialdiak dira udal-garapenerako lankidetza-politika gauzatzeko tresna nagusia.  Dirulaguntza horiekin finantzatzen dira bai Hegoaldeko herrialdeetako nazioarteko lankidetza-proiektuak, bai gizartea eraldatzeko sentsibilizazio- eta hezkuntza-ekintzak.

Deialdi horien oinarriek puntuazio-sistema bat dute, udalari aukera ematen diona aurkeztutako proiektuen kalitatea ziurtatzeko eta hurrengo urteko aurrekontu-memorietan lehentasunezkotzat jotako herrialde eta sektoreetan kontzentratzeko. 2025eko deialdi honetan, Bilbok garapenerako laguntzen % 90 lehenetsitako herrialdeetan pilatu da eta % 80 lehentasun sektorialetan, batik bat genero-berdintasuna, ura eta saneamendua eta hezkuntza.

Estatuko hirugarren hiria

Aurrekontu-zuzkidura horren arabera, Bizkaiko hiriburua aurrenekoa da Euskadin garapenerako lankidetzako inbertsioan, eta hirugarren lekuan dago Estatuan, Madrilen eta Bartzelonaren atzetik baina biztanle gehiago dituzten beste hiriburu batzuen aurretik. Emandako udal-dirulaguntzei esker, berrogeita bi erakundek komunitate hartzaileetan eragin positibo eta iraunkorra izango duten proiektuak gauzatu ahal izango dituzte, maila globalean garapen ekitatiboa eta jasangarria sustatuz.

Bilboko Udalak erantzukizuna du nazioarteko elkartasunarekin eta hori, 'Bilbo Balioen Hiria' agirian sustatutako balioen hedapena da, kultura-aniztasunetik inklusioa, tolerantzia eta bizikidetza bultzatuko dituzten ekintzak garatzearen alde egiten baitu. Bestelako balio batzuk, justizia soziala, giza eskubideen errespetua, inklusioa, konpromisoa, elkartasuna eta parte-hartzea, alde batera utzi gabe.

Deialdi hau Bilboko Udalak Garapenerako Lankidetza eraldatzailearen alde egin dun apustu irmoaren barruan kokatzen da, giza eskubideak, justizia globala eta garapen jasangarria erdigunean jartzen dituena. Garapenerako lankidetza ez da karitatea, herrien arteko elkartasunaren eta erantzunkidetasunaren adierazpena baizik. Deialdia ebaztea beste urrats bat da lankidetza-eredu horizontalagoa, gardenagoa eta parte-hartzaileagoa eraikitzeko bidean, 2030 Agendarekin eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) bat etorriz. 

Bilboko Udaleko Giza Eskubideetako, Bizikidetzako, Lankidetzako eta Immigrazioko Saileko zinegotzi Iñigo Zubizarretak adierazi duenez, "Garapenerako Lankidetzarako proiektu horiek aukera ematen dute Bilbotik ekimenak bultzatzeko Hegoaldeko herrialdeetako komunitate eta herrietan, funtsezkoak baitira hezkuntzaren, osasunaren, berdintasunaren edo emakumeen ahalduntzearen arloetan, etorkizun partekatu desberdin eta hobea indartzeko, mundu global bidezkoago eta solidarioago baten alde egiten dugun bitartean".