Abuztuaren 8an, ostirala, arratsaldeko 17:00etan, irekiko ditu ateak Etxebarria parkean Aste Nagusiko barraka-gunea. Hala ere, abuztuaren 14an izango da irekiera ofiziala, hau da, Juan Mari Aburto alkatearen inaugurazioa.

Aurten, Bilboko Udalak 72 atrakzio instalatzea baimendu du, zirkuaz gain. Horien artean, helduentzako hamabi aparatu, umeentzako hamahiru, sei txurro-denda, orotariko hamazazpi etxola, terraza duten lau taberna, ikuskizunak, trebetasun-makinak, ausazko jokoak eta abarrak egongo dira.

Barrakak egunero irekiko dira 17:00etan, baina ixteko ordutegia aldatu egingo da egunaren arabera:

  • Aste Nagusian, abuztuaren 16tik 23ra, 4:00etan itxiko dira (3:00etatik 4:00etara ez da soinurik egongo).
  • Gainerako egunetan:
  • Astelehenetik eguenera, goizaldeko 01:00etan itxiko dira (00:00etatik aurrera ez da soinurik egongo).
  • Barikuetan, zapatuetan eta domeketan, 2:00etan ixtea aurreikusten da (01:00etatik aurrera ez da soinurik egongo).

Gainera, Etxebarria parkeko barraka-gunea ahalik eta inklusiboena izan dadin, aurten ere ordutegi bat ezarri dute zaratarik gabeko tarteekin, autismoa duten pertsonek ere gozatu ahal izan dezaten barraketan inolako kalterik gabe. Horrela, bada, 17an, 20an eta 22an, 17:00etatik 20:00etara, barraketan ez da musikarik edo bestelako hots zaratatsurik egongo.

Zirkua

Barraka-guneko gainerako atrakziok bezala, zirkua abuztuaren 8tik 31ra egongo da zabalik eta – azken urteetan bezala – parkea eta Zumalacarregui etorbidea lotzen diruen igogailutik hurbilen dagoen eremuan egongo da.

Era berean, muntaketa-aldia berdina da guztientzat, bereziki konplexuak diren aparatuentzat izan ezik, horien kasuan pixka bat luza baitaitezke. Zehazki, abuztuaren 4ko 09:00etatik irailaren 1eko 22:00etara arte.