Astelehen honetan goizean, hamaseigarren edizioari amaiera eman dio 'Mentoring Bilbao' programak, inoizko partehartzaileen zifrarik altuenarekin. Guztira 26 izan dira aurten era altruistan, beren jakintza eta esperientzia hiriko ETE eta merkatariekin partekatu duten mentoreak.

Zortzi hilabetetan zehar, merkataritza, zerbitzu profesionalak, kultura, teknologia, turismoa eta beste sektore batzuetako 26 enpresek laguntza estrategiko pertsonalizatua jaso dute, haien hazkuntzarako, posizionamendurako eta negozio-eredurako hobekuntzak sustatzeko.

Landu diren helburuen artean, mentoreek eta mentoretza horiek jaso dituztenek hainbat gairen inguruan hausnartzeko aukera izan dute, besteak beste, barne prozesuen berrikuspena edo optimizazioa akatsak murrizteko, negozio bide edo produktu berrien garapena, negozioaren errentagarritasunaren hobekuntza, denboraren kudeaketaren hobekuntza edo merkataritza-estrategiaren berrikuspena eta ekintzen planifikazioa.

‘Mentoring Bilbao’ ekimenaren edizio honetan, aurrekoan baino sei mentore gehiago egon dira. Igoerak argi uzten du ekintzailetza eta tokiko merkataritza-sarea indartzeko oinarrizko tresna bat dela.

2008an ‘Mentoring Bilbao’ sortu zenetik, 2024-2025 ikasturte honetan mentoretza bikote gehien (26) lortu dira, hiriko merkataritza garapenarekin konprometituta dauden bikoteen kopurua indartuz horrela. Martxan jarri zenetik, 100 mentore eta 248 enpresa baino gehiagok hartu dute parte lankidetzaren, partekatutako talentuaren eta tokiko garapen ekonomikoaren garrantzia azpimarratzen duen egitasmo honetan.

“Denbora, jakintza eta esperientzia partekatzeaz gain, gure enpresak hazi eta indartzeko bideak irekitzeko gai izan zarete, egun dituzten erronkei arrakastaz aurre egiteko gai izan daitezen”, adierazi du Kontxi Claverrek Arabiar Aretoan antolatu den errekonozimendu ekitaldian presente zeuden mentoreei zuzenduta. “Balio handiko laguntza estrategikoa ematen duzue, hainbat sektoretako ETE eta merkatariei haien posizionamendua eta hazkuntza hobetzeko aukera ematen diena, beren negozio ereduak geroz eta lehiakorragoa den ingurune batera egokitzearekin batera. ‘Mentoring Bilbao’ tokiko garapen ekonomikorako motore izugarria da, kolaborazio espazio bat, non talentuak eta esperientziak bat egiten duten etorkizuna eraikitzeko. Laguntzearekin batera hazi egiten den baloreen hiria sustatzen duzue. Eta hori da lortu nahi dugun Bilbo”.

Opari garrantzitsu bat

Ekitaldiaren baitan, mentoreek opari garrantzitsu bat jaso dute, mirespen, eskertze eta errekonozimendu instituzional gisa, The Real Studiok oraingo honetarako propio sortua eta mentoretza eta hiriaren arima irudikatu nahi dituena.

Hiru dimentsioko eskultura bat da, ‘M’ itxurakoa —‘mentoring’ hitzaren ikurra— eta Bilboko Alde Zaharreko hiri-sareak osatuta dago, gogora ekartzeko bai hiriaren bihotza bai mentoretza, hau da, laguntzea, gidatzea eta aztarna uztea. Bilbon bere osotasunean sortu den piezak, sustrai sendoekin eta etorkizunera begira lokaletik eraikitzeak duen balioa helarazi nahi du. Eragintza gizarteratze erakundeak egindako bilgarri batekin osatu da, era horretan, dimentsio soziala eta lan integrazioarekiko konpromisoa gehitu zaizkio errekonozimenduari.