Hiria eta auzoak hobetzeko helburua duen parte-hartze bidezko aurrekontuen udal-programak harrera bikaina izan du aurten ere bai, bilbotarren 492 proposamen jaso baititu Udalak ekimenaren hamargarren edizio honetan. Proposamen guztietatik 39 Umeen Kontseilukoak dira –bigarren urtez parte hartu dute prozesuan–, hau da, aurkeztutako proposamen guztien % 7,9.

Eider Inunciaga Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2020 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak oso balantze positiboa egin du eta nabarmendu du “ezinbesteko bihurtu den tresna bat dala”.

Proposamenak egin dituzten pertsonen eta elkarteen profilari dagokionez, % 64,98 emakumeak izan dira, eta % 76,87 banaka aurkeztu dira. 41 eta 65 urte arteko pertsonak izan dira parte hartzera gehien animatu direnak; izan ere, jasotako proposamen guztien ia % 75,77 adin-tarte horretako herritarrek egin dituzte.

Barrutiei dagokienez, Begoñari lotutako ideiak izan dira nagusi (% 20,33), eta atzetik izan dituzte Deustu (% 15,65) eta Ibaiondori buruzkoak (% 12,20). Hala eta guztiz ere, proposamen gehienak hiri osoari buruzkoak izan dira: guztira % 26,83.

Proposamenen edukiari dagokionez, obrei buruzkoak (% 37,60) dira nabarmentzekoak, eta horien ostean honako arlo hauekin zerikusia dutenak: zerbitzuak (% 16,06), mugikortasuna eta jasangarritasuna (% 12,40), eta osasuna eta kontsumoa (% 10,37).

Nabarmentzekoa da Umeen Kontseiluaren parte-hartzea, 39 proposamen aurkeztu baititu: 17 obrei lotuta, 11 gobernantzari, 6 mugikortasunari, 3 gazteriari eta kirolari, eta 2 zerbitzuei.

Herri-bozketa, irailaren 22tik urriaren 2ra

Aurkeztutako proposamenak Udalaren bilbao.eus web-orrian kontsulta daitezkeIrailera arte, udal-sailek teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak diren ideiak lehenetsi eta hautatuko dituzte, interes orokorreko, egokitasuneko eta udal-estrategiako irizpideei jarraituz.

Prozesu horri esker hautatuko dira herritarrek bozkatzeko fasera igaroko diren proposamenak, eta antzeko edukia duten proposamenak proiektu bakar batean bilduko dira bozketarako.

Herritarrek irailaren 22tik urriaren 3ra bitartean bozkatuko dituztebilbao.eus webgunearen bidez, Bilborako onenak direla uste duten proiektuak.

Bilbon erroldatutako 16 urtetik gorako pertsona orok parte hartu ahal izango du bozketan, eta bakoitzak boto bakarra izango du. Horretarako, inprimaki sinple bat egingo da, eta bertan identifikazio-agiria eta jaiotze-data erroldarekin baliozkotuko dira. Baliozkotzeak egin ondoren, nahi adina proposamen hautatu ahal izango dira, baina ezin izango da gainditu partaidetza-aurrekontuetarako ezarritako gehieneko zenbatekoa (2 milioi euro).

Nola erabili Udalaren urteko aurrekontua

Bilboko Partaidetzazko Aurrekontua prozesu irekia da, bilbotarrei aukera ematen diena Udalaren urteko aurrekontuaren zati bat erabiltzeko ideiak eman eta proposamenak egiteko. Bertan, ondokoek parte har dezakete: hamasei urte baino gehiago duen eta Bilbon erroldatuta dagoen pertsona orok, Udaleko Herritarren Partaidetzako Erakundeen Erregistroan inskribatuta dagoen erakunde orok, legez eratuta dagoen edozein erakundek (elkarteak, fundazioak, sindikatuak, elkargo profesionalak eta zuzenbide publikoko korporazioak) eta Bilboko ikastetxe orok.

Kasu guztietan, Udalaren sail eta programaren batekin zerikusia duten proposamenak aurkeztu ahal izan dira, hiri osorako edo barrutiren baterako interesgarriak direnak, Bilboko Udalaren webgunean dagoen inprimakia betez. Eskabide-inprimaki bakoitzean proposamen bakarra egin zitekeen, eta proposamenak kontuan hartuak izateko baldintza batzuk bete behar ziren: Udalaren eskumenekoak, legezkoak, interes orokorrekoak eta egingarriak izatea, 300.000 eurotik gorakoak ez izatea eta 2026an gauzatu ahal izatea.