Aurrera doa Bilboko Udala uriko auzo guztietan argiteria berritzeko erronkarekin. Oraingo honetan, argiteria publikoa eta energia-eraginkortasuna berrituko ditu Artazuriña kalean, 2 eta 6 zenbakien artean konkretuki. Lanak aste honetan zehar hasiko dira, eta 162.767,05 euroko aurrekontua bideratuko du Udalak, BEZa barne. Lan horiek hamabi asteko exekuzio-epea izango dute, Beraz, espero da irailaren erdialdean amaitzea, gutxi gorabehera.
Eremu horretan, gaur egun, bizitegi-motako hogei luminaria daude, 140 W-eko potentziakoak. Eta lanokin orain dauden luminariak kendu eta horien ordez, LED motako hogei instalatuko dira. Luminaria berriek puntuan bertan telekudeaketako nodoak izango dituzte, energia-efizientzia handitzeko. Nodo horiek telekudeaketako buru baten instalazioari esker kontrolatuko dira. Buru hori argiteriaren aginte-zentroan kokatuko da, eta zentro horren mende egongo dira.
Proiektuaren barruan, gainera, honako hauek ere egingo dira: hogei zutabeen ordez lau metroko altuerako unitate zilindriko berriak jartzea, argiteria-lerroak berritzea eta fusible-kaxa berriak instalatzea.
Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntza
Jarduketa horrek 40.000 euroko dirulaguntza du, apirilaren 3ko 3016/2025 Foru Aginduaren arabera. Agindu horren bidez, abenduaren 19ko 144/2024 Foru Dekretuaren babesean aurkeztutako dirulaguntza-eskaerak ebazten dira; eskera horiek udalei eta mankomunitateei klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren arloko jarduketetarako dirulaguntzak emateari buruzkoak dira.