Gaur, ekainak 15, hiribildua fundatu zeneko 725. urteurrena da. Beste behin ere, efemeride ospetsu horrekin batera, sinbolismoz betetako ekitaldiak egin dira, hala nola Bilboko bandera altxatzeko ekitaldia, desfilea plaza Biribileraino eta lore-eskaintza hiria fundatu zuen Don Diego Lopez de Haroren estatuaren aurrean, herritarren parte-hartzearekin. Horiek guztiek Bilboko historia gogorarazten dizkigute.
Programa instituzionala 10:00etan hasi da Ernesto Erkoreka plazaren erdiko lorategian, 1845etik Hiriko ikurtzat erabili eta 2016ko azaroan ikur ofizial bihurtu zen Bilboko Banderaren igoerarekin. Ekitaldia duela 22 urte oraingo kokapenera ekarri zen XVIII. mendeko Beteluriko Zin-jesarleku historikotik metro gutxira egin da, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea buru dela eta Udalbatzako kideak ere bertan direla.
Jarraian, udalkideak, karguari dagokion dominarekin eta hainbat dantzarik eta txistularik lagunduta, Hiriaren sorreraren urteurreneko desfile ofiziala egin dute, Bilboko Bandera eramanez Mariano Benlliure eskultoreak On Diego Lopez de Haroren omenez egindako estatua dagoen lekuraino, plaza Biribilaren erdi-erdiraino.
Lore gorriak eta zuriak
Ohorezko aurreskuaren eta ezpatadantzaren ondoren -musika Txistularien Udal Bandak jo du- herritarren lore-eskaintza egin da, urtero Bilboko sortzailearen omenez egiten den legez. Ekitaldi horretan, Udalak herritar guztiak eta bisitan daudenak gonbidatu ditu udal-segiziorekin bat egitera, eta Don Diegoren estatuaren aurrean loreak -klabelin gorriak eta zuriak, Bilboko koloreak- uztera.
Ekitaldian aurpegi ezagun ugari ere bildu dira, besteak beste hiriko bizitza sozial, kultural, ekonomiko eta politikoaren ordezkariak, kontsulatuetako kideak, Bilboko Ospetsuak, merkataritzako eta ostalaritzako ordezkariak, eta Bilboko Hiri Kontseiluko eta Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Foroko kideak. Ekitaldia amaitzeko, erromeria animatu bat egin da, bertaratutako pertsona guztientzat.
Gaurko ekitaldia 725. urteurrena ospatzeko programatutako azken ekintza izan da. Besteak beste, Gau Zuria programako jarduerak egin dira barikuan eta zapatuan, 30 esku-hartze artistiko eta ikuskizun ibiltari bi. Horiek artez, argiz eta teknologiaz bete dituzte hiriaren erdiguneko zenbait paisaia.
Aste honetan, halaber, harrera berezia egin zaie Udaletxean Bilbon erroldatuta egon eta lehen eta bigarren abizena Bilbao duten pertsonei. Guztira, abizen horiek dituzten 26 pertsona aurkitu ditugu, 6 eta 93 urte bitartekoak. Horietako batzuk plaza Biribilera etorri dira, oroitzapen-ekitaldietara.