Igande honetan, ekainaren 15ean, Basurtu/Zorrotzako barrutiak Bilboko Udalaren Mugikortasun eta Jasangarritasun sailak antolatutako 'Igandeak bizikletaz' izeneko programaren hirugarren edizioa jasoko du. Antolatutako jarduerak La Perrera udal eraikinaren aurreko zabalgunean egingo dira zehazki. Besteak beste hainbat jarduera didaktiko eta jolas- eta jai-jarduera egingo dira, bizikletaren erabilera hiriko garraiobide gisa sustatzeko.
Jarduera horietako bat Bilbaobizi bizikleten udal mailegu-zerbitzu berriaren aurkezpena izango da, Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak egingo duena. Zerbitzua hurrengo astelehenean jarriko da martxan.
Ikasteko, gozatzeko eta pedalei eragiteko ekitaldia
Ekitaldia 11:00etatik aurrera izango da, festa eta didaktika uztartuz. Edozein adin eta bizikletarekin edozein esperientzia maila duten pertsonentzat diseinatutako hainbat jarduera eskainiko dira, SERVEOk, Euskadi Fundazioak, Iberdrolak, Bilbobusek eta Bizi Eskolak lagunduta.
- Bide-segurtasuneko prestakuntza-saioa eta ibilbide gidatua: Prestakuntza-saio bat, ikasgela pedagogikoarekin eta hiri-ibilbide praktikoarekin, hiri-inguruneetan segurtasunez zirkulatzen ikasteko.
- Gurpil zulatuak konpontzeko tailerra: Bizikletaren matxura ohikoenetako bat konpontzen ikasteko espazio praktiko bat.
- Gimkana Handia eta lasterketa birtualen simulagailua: Euskadi Fundazioarekin izandako lankidetzari esker, parte hartzen duten pertsonek txirrindulari-lasterketen bi simulagailu probatu ahal izango dituzte.
- Haurren gunea eta sormen-jarduerak: Ginkana handia eta aurpegiak margotzea.
- Bigarren eskuko bizikleten azoka: Erakusketa- eta proba-espazio bat, interesa duten guztiek bizikletak salerosi ahal izateko.
Aurreikusitako jardueretan parte hartu nahi dutenek webgunean eskuragarri dagoen formularioaren bidez eman ahal izango dute izena.
BilbaoBizi zerbitzu berria
'Igandeak bizikletaz' jardunaldi honetan, bertaratutakoek Bilbaobizi zerbitzuko bizikleta berriak probatu ahal izango dituzte.
Horregatik, Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak dei egiten die herritarrei “igandean La Perrera plazara etor daitezen. Aurreikusitako jarduera guztietan parte hartzeko aukera izateaz gain, bizikleta berriak probatu eta hilaren 16an (astelehena) hasiko den zerbitzuaren nobedadeak ezagutu ahal izango dituzte”.
Bilbaobizi bizikleten udal mailegu-zerbitzu berriaren barruan gaur egun baino bizikleta gehiago egongo dira: aurten 790 bizikleta izango dira eta datorren urtean kopuru hori 1.250era iritsiko da. Bizikleta berriak izango dira, eta bandalismotik babesteko sistema berezi bat izango duen ainguraketa jarriko zaie. Ainguraketa-puntuen kopurua ere handituko da, 68 izan arte, hiriko goi-auzoetako eskaera handiari erantzuteko. Halaber, geltoki birtualak egongo dira, ekitaldien edo obren ondorioz zerbitzuaren erabilera-premia puntualei erantzuteko.
Igandeak bizikletaz
'Igandeak bizikletaz' Bilboko zortzi barrutietan egingo dira bi urtez, eta urtean lau edizio egingo dira.
Igande honetan Basurtu_Zorrotzan egin ondoren, Begoña auzoan aurtengo edizioak amaituko dira. 2026an, Deustu, Errekalde, Abando eta Otxarkoaga/Txurdinagako barrutietara zabalduko da.
#BiziBilbaoBizikletaz planaren barruan sartzen diren gisa honetako jarduerekin, Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak “mugikortasun aktiboarekin, jasangarritasunarekin eta gizarte-kohesioarekin duen konpromisoa indartzen du, herritarrei hiria bi gurpilen gainean berraurkitzeko espazio bat eskainiz” azaldu du Nora Abetek. Gainera, jardunaldi horiek "bizikletaren erabilera aisialdiko elementu izatetik ohiko garraiobide izatera igarotzeko beste aukera bat izan nahi dute" gogorarazi du alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak.
#BiziBilbaoBizikletaz-ek "Aldatu martxa, eraldatu Bilbo" leloa duen kanpaina horren bidez, bizikleta bidezko mugikortasuna sustatu eta bultzatu nahi da, hainbat kolektiboren informazio-, sentsibilizazio- eta prestakuntza-jardueren bidez, hirian modu arduratsu eta seguruan bizikletaz ibiltzeko.
'Igandeak bizikletaz' eta #BiziBilbaoBizikletaz ekimeneko beste jarduera batzuei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, webgune ofiziala bisitatu daiteke, edo ekimena sare sozialetan jarraitu, #BiziBilbaoBizikletaz traolarekin.