Ostegun honetan goizean, ekainaren 30etik uztailaren 5era arte ospatuko den BIlboko Kalealdia Antzerki eta Arte jaialdiaren 26. edizioaren programazioa aurkeztu dute. Azken urteetan bezala, Casilda Iturrizar parkea izango da ekimenaren egoitza, eta bertan genero anitzeko eta adin guztiei zuzenduriko 59 ikuskizun egingo dira. Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak eta Pedro Ormazabal Bilboko Kalealdiako zuzendariak parte hartu dute aurkezpen-prentsaurrekoan.

Zinegotziak adierazi duen bezala, "antzerki eta kaleko arteen jaialdi hau publiko guztiarentzat irisgarria izatea nahi dugu, bilbotarrek edizio honetarako antolatu ditugun ikuskizunez modu aktiboan gozatu ahal izan dezaten. Era berean, topaketa kultural honek konpainiei, beteranoei zein hasiberriei, euren lanak etengabe erakusteko agertoki bat eskaintzen die. Hori da bidea, Bilboko auzo guztiek kultur ekitaldi mota desberdinak hartzea, formatu desberdinetan eta herritar guztiei irekita".

Bi udal ordezkariekin batera, 'Libre' eta 'Manttalingo alaba' ikuskizunen arduradunek hartu dute parte aurkezpenean. Biak dira kaleko arteetan ematen diren estiloen aberastasunaren adibide – txotxongiloak lehena eta errezitaldi musikatua bigarrena–.

26. edizio honetan, Europako hainbat herrialdetako zortzi konpainia izango dira Jaialdian eta normalean hirian ikusten ez diren ikuskizunak aurkeztuko dizkiete ikusleei. Soul Project, Compagnie Super Super, Claire Ducreux, Pikz Palace eta Facile D 'exces Cie frantsesen kasua da. Belgikatik Chaussons Rouges (Compagnie Des) dator Maleta Company & Balancetoi Cie-rekin batera; eta Concorda Portugaldik dator.

Estatuko ordezkaritza hamabi taldek osatzen dute: Llum de Fideu, Escarlata, Psirc Cía, Pau Palaus, La Corcoles, Leandre Clown, Kolektiv Lapso Cirk eta Guillem Albà KataluñatikChicharrón Circo Flamenco Andaluziatik dator; La Fam Produccions Valentziako Erkidegotik hurbiltzen da (eta jaialdiaren programazioa ixteko ardura izango du 'Ambulant' ikuskizunarekin); Ddcdanza- Daniel Doĺa Madrildik dator eta Qabalum Nafarroatik.

Bilboko Kalealdia Jaialdiari esker, Udalak laguntza ematen die euskal konpainiei, programazioaren ateak irekiz. Oraingo honetan, hamabost taldek hartuko dute parte: Mama crea ('Desiderata' ikuskizunarekin Jaialdia inauguratuko du), Komorebi Produkzioak, Nimú, Markeliñe, La Pez, ATX Teatroa, Arriera, Manttalingo Alaba, Harrobi Dantza Bertikala, Hika Teatroa, Kukai Dantza, Zanguango Teatro, Trotamundos Cía. eta Barsanti Cía. Horietatik zazpi Bilbokoak dira.

Emanaldi guztiak doakoak izango dira, Kataluniako Escarlata konpainiaren 'Devoris Causa' izan ezik. Kasu horretan sarrerak erosi beharko dira 3 eurotan Bilboko Kalealdiaren webgunean. Emanaldiaren diru-bilketa Zaporeak Solidario Garapenerako Elkarteari emango zaio. Ikuskizun hau ahateen urmaelaren inguruan (4. gunea) ikusi ahal izango da ekainaren 30ean (18:00 eta 21:00) eta uztailaren 1ean (18:15 eta 21:15).

Bilboko Kalealdiaren produkzioak

Beste behin ere, Toño Valdivieso herriko artistak Casilda Iturrizar Parkerako bereziki sortutako dekorazioak protagonismo handia izango du Jaialdian. 'Bilboko Kalealdiko lorategia' instalazioari esker, Casilda Iturrizar Parkea leku liluragarri bihurtuko da, arte eszenikoez gozatzeko, birziklatutako materialekin – burdina, egurra, ehunak, eta abar – egindako piezak dauden ingurune natural batean, bere garaian pentsatu zenerako erabiltzeari utzi ziotenak eta orain bizitza berri bat ematen zaienak.

Valdiviesoren instalazioaz gain, Jaialdiak Arrieraren 'Libre' txotxongilo ikuskizuna ere koproduzitzen du. Ikuskizun hori ahateen urmaelaren inguruan gozatu ahal izango da uztailaren 3an (osteguna), 17:30ean eta 21:00etan; eta 'Manttalingo alaba' errezitaldi musikatua, Mikel Etxaburu, Nerea Zuloaga, Irina Álvarez eta Jon Gardokiren eskutik, uztailaren 3an (osteguna), Casilda Parkeko pergolan, 19:30etan.

Berritasuna: herritarren parte-hartzea sustatzeko jarduerak

Jaialdiaren agertoki nagusietako programazioarekin batera, berrikuntza gisa, aurten kaleko artisten arteko topaketa sustatzea helburu duten hainbat jarduera parte-hartzaile eskaintzen dira. Ekimen hau Open Kalek (Kale Jaialdien Sarea) eta Artekalek (Euskal Herriko Kaleko Arteen Elkartea) antolatu dute, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

Zehazki, hiru dira: lehenengoa 'Diziplina baten aurkikuntza' tailerra da, Arriera txotxongilo konpainiak emango du ekainaren 26an, ostegunean, bi taldetan (10:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 19:00etara), San Frantziskoko Udaltegian. Uztailaren 3an, osteguna, bi emanaldiren ondorengo solasaldiak izango dira, ikuskizuna sortzeko prozesua hurbilagotik ezagutzeko. Harrobia Dantza Bertikalaren ikuskizunaren ondoren izango dira Bizkaia Aretoa – UPV/EHUn (22:30etan) eta Manttalingo Alabaren emanaldiaren ondoren Casilda Iturrizar parkean (19:30etan).

Hirugarren jardueraren ardatza ikuskizun batean parte hartzea da. Hala, 20 pertsona inguruk parte hartuko dute Llum de Fideu konpainiak emango duen tailer batean, "Sfumato" ikuskizunean figurante gisa parte hartzeko. Ikuskizuna ekainaren 30ean (17:45etan eta 20:15etan) eta uztailaren 1ean (18:00etan eta 20:30etan) ikusi ahal izango da Jaialdian.

Estreinaldiak

26. edizio honetan Jaialdiak hamabi estreinaldi programatuko ditu, horietako bat absolutua. Toño Valdiviesoren 'Bilboko Kalealdiko lorategia' instalazioa, Ekainaren 31tik uztailaren 5era, 17:00etan, gozatu ahal izango da Casilda Iturrizar parkeko ahateen urmaelaren inguruan.

Estatuko estreinaldiak hauek izango dira: Cie. des Chaussons Rouges belgikarren 'Épiphytes' ikuskizuna (ekainaren 30ean, astelehena, eta uztailaren 1ean, asteartea, 19:00etan, Doña Casilda parkeko Pergolaren ondoan); Facile d 'exces konpainia frantziarraren 'Gros débit' ikuskizuna (uztailaren 4an, ostirala, 18:30etan eta 20:30etan, Casilda andrearen Urmael inguruan -2. Espazioa-) eta Soul Project frantziarren izen bereko ikuskizuna (ekainaren 30ean, astelehena, 17:15etan eta 19:45etan, 2. Espazioan).

Bilboko kalealdiak zortzi estreinaldi ere proposatzen ditu Euskadin. Frantziatik Compagnie Super Super iritsiko da 'Plouf & Replouf' ikuskizunarekin (uztailaren 2an, asteazkena, 17:30etan eta 20:00etan, Ahateen Urmaelaren inguruan dagoen 1. Espazioan) eta Claire Ducreux 'Fleurir les abîmes' likuskizunarekin (uztailaren 2an, asteazkena, 18:30etan eta 20:30etan, 3. Espazioan); eta Belgikatik, Pikz Palacek "Boucherie Bacul" aurkeztuko du (uztailaren 3an, osteguna, eta 4an, ostirala, 18:30etan, 20:30etan, 19:00etan eta 21:00etan, 4. Espazioan).

Estatuko konpainiek ere lehen aldiz erakutsi dizkiote euskal publikoari bere proiektuak, hala nola Madrilgo DDC Danza – Daniel Doña 'Doma' ikuskizuna (uztailaren 2an, asteazkena, 19:00etan eta 21:00etan, 2. Espazioan), Kataluniako Escarlata 'Devoris Causa' (ekainaren 30ean, astelehena, 18:00etan eta 21:00etan, eta uztailaren 1ean, asteartea, 18:15etan eta 20:15ean, 4. Espazioan), PSIRC eta bere 'Després de tot' (ekainaren 30ean, astelehena, 22:00etan, Arriaga plazan) eta La Corcoles Cía. 'Carena' (uztailaren 2an, asteazkena, 22:00etan, Arriaga plazan). Azkenik, Kataluniatik eta Gaztela-Leondik Kolektiv Lapso Cirkek 'QOROQ' dakarte (uztailaren 3an, osteguna, 21:30etan, Areatzan).

Jaialdiaren espazioak

Jaialdia hirian zehar banatutako hainbat espaziotan gozatu ahal izango da eta, berriz ere, nagusia Casilda Iturrizar Parkea izango da, aldi berean Arte Ederren Museoaren inguruan, Ahateen Urmaeletik gertu -lau gune egongo dira- eta Pergolan eszenatoki bat izango du. Halaber, Bilboko Kalealdiaren ikuskizunak Arriaga PlazanAreaztzan eta UPV/EHUren Bizkaia Aretoan ere izango dira.

Casila Iturrizarreko urmaelaren inguruetan haurrak "jango" dituen Gargartua egongo da, uztailaren 1etik 6ra bitartean, 17:00etatik 21:00etara. Era berean, bertara hurbiltzen diren pertsona guztiek Food Truck ezberdinek eskaintzen duten gastronomiaz gozatu ahal izango dute, 17:00etatik 22:00etara.

Irisgarritasuna

Publiko guztiei kultur programazioaren irisgarritasuna errazteko, Bilboko Kalealdiak dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako hainbat ekintza jarri ditu abian. Hala, gorrentzat edo entzumen-arazoak dituztenentzat egokiak diren testurik gabeko hainbat ikuskizun programatu ditu. Ikuskizuna hasi baino 10 minutu lehenagora arte mugikortasun murriztua duten pertsonentzat erreserbatutako espazioak ere egongo dira. Aurten, gainera, eserlekuak erreserbatuko dira premia bereziak dituztenentzat.

Jarduera irisgarriekin batera, eskuzko programa egokituak ere egin dira, piktogramen, letra handiagoen, irisgarritasun-adierazpenen eta kokapenen maparen eta abarren bidez.

Erronka garbia

2025eko edizio honetan ere Bilboko Kalealdiak Erronka Garbia zigilua du. Eusko Jaurlaritzak, Ihobe sozietate publikoaren bitartez, martxan jarritako ziurtagiri bat da honako hau; diseinuan eta antolaketan ingurumen-neurriak txertatzen dituzten ekitaldiak aitortzen ditu, ingurumenaren gaineko balizko inpaktu negatiboak minimizatzeko.

Era berean, Jaialdia bat dator Bilboko 2023-2033 Kultura Plan Estrategikoarekin; izan ere, kultura herritarrengana hurbiltzea, agenda kuturala hiriko hainbat agertokitara deszentralizatzea eta denboran jarraitasuna duen kalitatezko programazio egonkorra eskaintzea sustatzen du, tokiko konpainiei lekua emateaz gain.

Jaialdiak INAEM Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du, baita Metro Bilbaoren laguntza ere. Gainera, Jaialdia Artekale Euskal Herriko Kaleko Arteen Elkarteko, PATEA Kaleko Arteen Profesionalen Estatuko Elkarteko, Karrikan plataformako eta OpenKale Euskadiko Kaleko Arteen Jaialdien Sareko bazkidea da.

Gainera, Bilboko Udala EKO – PIRINEOS DE CIRCO proiektuaren bazkideetako bat da. Proiektu horren helburua da tokiko konpainien mugikortasun-, prestakuntza-, sorkuntza- eta zabalkunde-aukerak hobetzea, bai eta trantsizio ekologikoko eskumenak ere.