Eusko Label eta Euskotren ligetako lehen estropadek ez dabe ezelango ezustekorik ekarri. Orio eta Arraun Lagunak ziran faborito nagusiak kiniela guztietan eta ez dabe hutsik egin. Hortik aurrera atara daitekezan ondorioen artean, garbi geratu da Zierbena, Donostiarra eta Bermeo-Urdaibai dirala hautagai nagusiak Orioren aurkari izateko ohorezko txandan. Getaria eta Hondarribia bigarren multzo baten dagoz, bigarren txandan nagusi izateko eta hirugarrenean musturra sartzeko lehian. Ganerako sei traineruak, San Juan, Ondarroa, Santurtzi, Isuntza, Chapela eta Ares lehia bizian ibiliko dira sailkapeneko azken postuetatik ahalik eta urrunen egoteko.

Lau estropada bakarrik galdu ebazan igaz Orioko traineruak. Aurten ez dau bat bera be galdu. Sei jokatu eta sei irabazi. Beraz, esan beharrik be ez dago gatxa dala Iker Zabalaren ekipoa menderatzea. Ba edozein kondizinotan gatxa bada, domekakolako estropada eremu baten gatxagoa hondino. Riosequillo urtegia piszina baten moduan egoan. Olatu barik, ia haize barik, diferentzia barik kale bien artean eta erlojupekoan. Estropadea holan jokatuta ia ezinezkoa da koadrila indartsuenari irabaztea, gizonezkoetan zein emakumezkoetan garbi geratu zan moduan. Seguruenik Oriok galduko dau estropadaren bat denporaldi honetan, baina horretarako eguraldiak -haizeak- eta itsasoak -olatuek eta korronteek- lagundu egin beharko dabe.

Zierbena izan zan Bizkaiko trainerurik onena Eusko Label Ligearen lehen jardunaldian. Dani Perezen ekipoari kosta egin jako igazko maila lehiakorra berreskuratzea -hiru txapelketetan uste eta nahi baino makaltxoago ibili zan- baina ederto ekin deutso ligeari, kontuan hartzeko lehiakidea dala erakutsita.

Bermeoko traineruari jagokonez, estropadea okertu egin jakon hasierarik. Izan be, urteerako balizako sokea hartzeko ahaleginetan ebilzala epaileak urteteko agindua emon eutsen eta denpora asko galdu eben lehenengo luzean. Zortzi segundo Orio eta Zierbenarekiko. Hortik aurrera, nahiko txukun ibili ziran Salsamendiren gizonak. Azken luzea izan zan makalena eta bigarrena onena.

Ondarroako Antiguako Amak estropada ona egin eban Buitrago Del Lozoyan. Erraz nagusitu zan bere txandan, hobetu egin eban Lekittarraren denporea eta San Juanena be hobetzeko zorian geratu zan, larogeta zortzi ehunenekora hain zuzen be. Hau da, sailkapeneko beheko aldeko trainerurik azkarrena izatetik hurre geratu ziran ondarrutarrak. Beste datu positibo bat: sailkapeneko azken biak, Ares eta Chapela hamalau eta hogei segundo atzetik geratu ziran. Urrun. Emaitza on honek konfiantza emongo deutse Iñaki Errastiren mutilei.

Santurtzik emaitza ona lortu eban Eusko Label Ligarako itzuleran. Atzean itxi ebazan Galiziako traineru biak, Isuntzari aurrea hartu eutson eta nahiko hurre geratu zan Ondarroa eta San Juanetik. Lekittarrak polito ekin eutson Riosequilloko erlojupekoari eta lehenengo zortziren artean ibili zan lehen luze bietan. Hortik aurrera, ostera, segunduak galtzen hasi zan, azken luzean denporarik txarrena egin arte. Domekakoak ez ziran baldintza onenak Isuntzalako koadrila arin batentzat.

KAE-1 ligeari jagokonez, Deustok denporaldiko bigarren garaipena eskuratu eban Plentzian. Lehenengoa erlojupekoan irabazi eban Pasaiako portuko ur baretan eta bigarrena itsasoan lau kaletara. Ondo ibiltea da gauza bat eta beste bat sailkapeneko lehen postuan egotea hiru estropada jokatu ostean. Azpimarratzekoa baita Kaikuk erakutsitako hobekuntzea eta Arkotek emondako aurrerapausua..