Aburtok parte hartuko du Euskaraldian
Maiatzaren 15etik 25era bitartean ospatuko da
Urtero bezala, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok euskararekin daukan konpromiso irmoa erakutsiko du Euskaraldiaren laugarren edizioan parte hartuz, Ahobizi bezala. Elkar mugituz egin dugu lelopean ospatuko den edizio hau datorren ostegunean hasiko da, maiatzaren 15ean, eta hilaren 25era arte luzatuko da.
Keinu horrekin, Aburtok adierazi nahi izan du bat datorrela eta konprometituta dagoela euskararen erabilera sustatzeko eta kaleko hizkuntza-ohiturak aldatzea helburu duen ekimen horrekin. Ekitaldian Udaleko bozeramaile politikoak izan dira berarekin, eta haiek ere jantzi dute txapa. Ekimenean izena eman duten udal-langileek gaurtik aurrera jasoko dituzte txapak.
Maiatzaren 15ean, 19:00etan, ekitaldi handi bat egingo da Euskaraldiaren hasiera ikusgarri modura. Hasiera jendetsua izango da, eta hiriko espazio publiko garrantzitsu batean egingo da, Indautxu plazan alegia.
Euskaraldia euskararen erabilera sustatzeko gizarte-mugimendua da, eta IV. edizioa du hau. Euskaraldia ez dira jarduera sozialeko 11 egun bakarrik, zerbait gehiago da, dinamika bat zabaldu nahi baita denboran eta gizartean. Izan ere, helburua da, aktibazioan oinarriturik, herritarren hizkuntza-ohiturak alda daitezela eta euskararen erabilera areagotu dadila. Era berean, erakundeek euskaraz bizitzeko neurriak har ditzaten sustatzea da helburua. Euskaraldia, beraz, pertsonentzako zein taldeentzako praktika kolektibo bat da.
Bilboko Udalak konpromiso irmoa du Euskaraldiarekin
Aurten ere, Euskaraldia Biziprest Elkartearen eta Bilboko Udalaren arteko hitzarmenari esker izango da Bilbon. Juan Mari Aburto Alkateak azpimarratu du zeinen garrantzitsua den "lehen hitza euskaraz egitea. Elkarrizketa bakoitzak, txikia bada ere, bizirik mantentzen du eta areagotu egiten du euskararen erabilera. Bilbotar guztiak animatu nahi ditut partaidetza aktiboko ariketa hau egitera".