Osasun komunitarioko hiru elkarte eta Enrique Sancho psikiatra saritu ditu Bilbok
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Álvaro Pérez Osasun eta Kontsumo saileko zinegotzi ordezkariak gidatu dute ekitaldia
Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egin du gaur, apirilaren 7an, 'Hasiera osasungarriak, etorkizuneko itxaropentsuak' lelopean ospatzen den Osasunaren Munduko Egunarekin. Testuinguru horretan, Bilboko 156 elkartek osasunaren arloan egiten duten lana ikusarazi eta eskertu nahi izan du Udalak, bai eta kolektibo horietan aktiboki parte hartzen duten dozenaka pertsonaren lana ere, Bilboko Udaleko Arabiar aretoan egin ohi den aintzatespen-banaketan. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Álvaro Pérez Osasun eta Kontsumo saileko zinegotzi ordezkariak gidatu dute ekitaldia.
Sarien XIV. edizioa izan da hauxe, eta, aurten, 1994tik sexu- eta genero-aniztasunaren arloan lan egiten duen Aldarte Elkarteak, fibrosi kistikoa duten pertsonen eta haien senideen edota zaintzaileen bizi-kalitatea hobetzea xede duen Arnasa Bizkaia Elkarteak eta jarduera fisikoaren eta kirolaren bidez inklusioan aritzen den irabazi-asmorik gabeko GaituzSport erakundeak jaso dute saria, bai eta Enrique Saracho psikiatrak ere (Saracho psikodraman aditua da, eta izen oso ona du Bizkaiko adikzioen arloko baliabide soziosanitarioetako profesionalen artean).
Omenaldi horren bidez, Udalak, beste behin ere, osasun komunitarioarekin duen konpromisoa berresten du. Esparru horretan, Osasun eta Kontsumo Sailaren bitartez, irabazi-asmorik gabeko elkarte eta entitate horiek osasuna sustatzeko, prebenitzeko eta gizarteratzeko garatzen dituzten programa ugari babesten ditu.
Osasunaren Munduko Eguna
Urtero, gaurko egunez, OMErentzat lehentasunezko kezka-eremu bat nabarmentzen duen gai bat aukeratzen da. Aurtengo leloa "Hasiera osasungarriak, etorkizun itxaropentsuak" izan da.
Oraingo honetan, aukeratutako leloak dei egin nahi die gobernuei eta osasunaren arloko erakunde eta profesionalei ahaleginak areagotzera, herritarrek beren ongizate fisiko eta mentala bizitzako lehen etapetatik bultzatzen duen ingurunean bizitzeko aukera izan dezaten bermatzeko.
Ildo horretan, Osasun eta Kontsumo Saila alderdi horiek guztiak etengabe hobetzen laguntzeko lan egiten ari da. Udalak aurrera egiten du udal gobernantzan, udal politikaren ardatz izango diren hiri-balioen artean osasuna sartuz. Eta OMEk aurten hautatutako sentsibilizazio-ikuspegiarekin bat etorriz, Udalak bat egiten du amen eta jaioberrien osasuna familia eta komunitate osasungarrien oinarrian txertatzearen helburuarekin, horrela etorkizun itxaropentsuak bermatzen baitira guztientzat.