Asteazken honetan goizean, martxoaren 12an, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok 65 urtetik gorako pertsonentzako Zorrotzako etxebizitza komunitariora bisita egin du. Bertan, batez ere lehenengo graduko mendetasun-egoeran dauden pertsonak bizi dira. Aburtorekin batera Gizarte Ekintzako zinegotzi Juan Ibarretxe egon da, baita ere.

Udal etxebizitza komunitario horrek 12 plaza dauzka, 2017an jarri zen abian, eta harrezkero zaintzaren arloan esperientzia handia duen entitate batek kudeatzen du, Aurrerantz gizarte-ekimeneko sozietate kooperatiboak.

Pertsonengan oinarritutako arreta-eredua

Zorrotzako Etxebizitza Komunitarioa 2017an ireki zen, eta harrezkero I. graduko mendetasuna duten edota bazterkeria-arriskuan edo -egoeran dauden Bilboko pertsonen bizilekua izatea du helburu, pertsona horiek beren autonomia, gaitasunak eta trebetasunak indartu ahal izan ditzaten beren bizi-proiektua gauzatzen jarraitu ahal izateko.

Pertsonarengan oinarritutako arreta-eredua hartzen du oinarri, eta eredu horren ardatza bizi-kalitatea bermatzea eta pertsonen lehentasunak errespetatzea da. Helburuak, besteak beste, honako hauek dira: bertan bizi diren pertsonen familia-harremanak sustatzea eta kontserbatzea; haien ongizate fisiko eta soziala bultzatuko duten ohitura osasungarriak sustatzea; pertsonek komunitatean parte hartzea sustatzea eta haien osasun psikikoa eta fisikoa zaintzea; eta narriadura prebenitzea.

Etxebizitzan bizi diren pertsonen % 86ri I. graduko mendekotasuna baloratu zaie, eta erabiltzaileen % 42k 70 urte baino gehiago dituzte.