Remar eta Sarrikue etxaldeen alboan kokatutako Josetxu Canibe parkea inauguratu egin du astearte honetan goizean Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, Kepa Odriozola eta Eider Inunciaga zinegotziekin batera. 1.876.423 euroko inbertsioa egin ondoren, Udalak amaitutzat eman ditu lanak.

Jose Canibe Berganza (Josetxu Canibe) misiolaria Ekuadorretik etorri zen Atxetako Andra Mari parrokia zaharrera lan egitera 70eko hamarkadan. Lan handia egin zuen parke berriaren ondoko auzoetan, jarduera sozial eta kultural bizia sustatuz eta hazten ari zen zonalde honetan hirigintzaren alorreko hobekuntzak bultzatuz.

Konpromiso pertsonal, etiko eta sozial handia zuen, bai Ekuadorren garatu zituen proiektuetan, bai eremu honetako bizilagunen aldekoetan, eta hori aitortzeko, 2008ko Iparra-Hegoa Saria eman zion Bilboko Udalak.

Parke berri bat

Bilboko Udalak azken hamar hilabeteetan jorratutako lanek Arabella auzoko 7.200 metro koadroko eremua hobetzea ekarri dute.

Lehenik eta behin, aisialdirako espazio bat sortu da. Bertan, egoteko guneak eta jolasguneak daude, esparru osotik banatuta. Parkea Zurbaranbarri eta Atxetabidea kaleen artean dago kokatuta, Remar etxaldearen eta Sarrikue auzunearen ondoan.

Parke barruko koten aldea gainditzeko, elementu nabarmen gisa, egurrezko oinak dituen altzairuzko txirrista bat ipini da. Horrez gainera, oreka- eta eskalada-jolas batzuk ere jarriko dira enbor horizontal eta bertikalekin, baita zabuak ere.

Eremu osoan hiri-altzari berrituak jarri dira: eserlekuak, paperontziak, zuhaitz-txorkoak... Era berean, kontsumo-iturri bat ipini da.

Lorezaintzari dagokionez, beharrezkoa izan denean belar-sastrakak kendu dira, eta, ondoren, berrogei zuhaitz baino gehiago landatu dira, besteak beste, olibondo bat, hainbat espezietako astigarrak, eta hosto zabaleko lizarrak.

Proiektu honen bidez, Atxetabidea kalearen inguruko irisgarritasuna ere hobetu du Udalak, arrapalak eta barandak jarriz, kale horren malda arintzeko. Bide nagusi bat diseinatu da parkearen barrualdetik, era guztietako pertsonen irisgarritasuna bermatzeko.

Gainera, bide berri bat sortu da, eta, hari esker, 25 aparkaleku-plaza atera dira (24 aparkaleku erregular, eta mugikortasun urriko pertsonentzat gordetako bat).

Oinezkoen eta ibilgailuen bideei dagokienez, espaloiak zabaldu dira eta bidearen errodadura geruza berritu da. Gainera, oinezkoentzako pasabide berri bat sortu da, aipatutako arrapala horietatik zuzenean sartzeko aukera ematen duena.

Argiteriako eta zuntz optikoko sare berri bat jarri da, parkea, aparkalekuak eta eremu berrira sartzeko errepidea argiztatzeko.