Urtero bezala, Bilboko suhiltzaileek Miribillako parkeko ateak irekiko dituzte aurten ere bai. Ekitaldia datorren larunbatean izango da, martxoaren 1ean, goizeko 10:00etatik 13:30era. Ekimen hau martxoaren 8an ospatuko den San Joan Jainkoaren eguna dela eta antolatzen da.

Jardunaldia Bilboko Suhiltzaileen Kultur eta Kirol Elkarteak bultzatzen du eta herritarrentzat da oro har, baina, batez ere, suhiltzaileen parkeetan egunero egiten den lana eta profesional horiek larrialdi-egoerei aurre egiteko erabiltzen dituzten materialak eta ibilgailuak gertutik ezagutu nahi dituzten familia eta umeentzat.

Haurrentzako hainbat jarduera eta jolas egongo dira, beti bezala. Besteak beste, aukera izango dute hainbat espazio bertatik bertara ezagutzeko -hala nola, ke-galeria-, mahuka bat erabiltzen ikasteko, kamioi batean muntatzeko eta tirolina eta autoeskalaren erakustaldietan parte hartzeko...

Beste ekitaldi batzuk

Suhiltzaileen zaindariaren jaiak domekan, martxoak 3, jarraituko du. Kirol-eguna izango da, eta festarekin bat egin nahi duten estatuko beste suhiltzaile-zerbitzu batzuekin ospatuko da.

Egun horretan, goizeko 11:00etatik aurrera, “Bilboko Suhiltzaileen XXII. Sariketa” egingo da: 6 kilometro inguruko lasterketa Bilboko itsasadarraren ertzetan.

Ekitaldiak martxoaren 8an bertan amaituko dira, San Joan Jainkoaren egunarekin. 11:00etan suhiltzaileen ibilgailu klasikoen eta gaur egungoen karrusela egingo da. Miribillatik abiatu, Bilboko kaleetan barrena ibili eta Miribillako parkera itzuliko dira.

Jarraian, barne-ekitaldia egingo da: omenaldia Miribillako parkean erretiroa hartu duten suhiltzaileei. 14:00etan, lankide arteko bazkaria egingo dute eta, ondoren “Suhiltzaileen Mus Txapelketa”, ekitaldiei amaiera emanez.