Gabriel Arestiren poesia bat idatzita zeukan plakaren erreplika jarriz amaitutzat jo ditu Bilboko Udalak Esperantza udal-ekipamendua eraberritzeko lanak. Izan ere, poesia horrek aipamena egiten dio pilotaleku mitikoa dagoen kale historikoari.
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea plaka dagoen lekura joan da poeta bilbotarraren alargunarekin, Meli Esteban, haren alaba batekin, Andere Aresti, eta Udaleko bozeramaileekin, eta han arretaz begiratu dute nola geratu den eraikinaren aurreko horma batean kokaturik.
Gabriel Arestik, hain zuzen, Bilboko Itxaropen kaleari eskaini zion olerki hori. Ondo ezagutzen zituen lekuaren ezaugarriak. Leku mehar, ilun eta laburra aipatzen baitu, haren izena, Esperanza, iradokitzen zuenarekin alderatzen zuelarik. Plaka berriak zaharraren bertsoak berritzen ditu.
Kale artean
“askaotik sendejara
Bilbaon
Esperanza
oso mehar, ilun eta laburra
da.”
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak beste behin ere azpimarratu du Bilboko poeta sozialaren ezinbesteko figura. Hain zuzen ere, aurten 50 urte beteko dira haren heriotzatik. "Ez dago dudarik euskarazko poesiaren erreferente handietako bat dela. Ez daukagu ahazteko nola jardun zuen etengabe borrokan gure hizkuntzaren alde eta nola haren obrak egin zituen sustraiak gure identitatearen barrenean. Horregatik gaude hemen, gizarteak ez dezan ahaztu eta jarrai dezan gogoan hartzen tamalez gure artetik hain goiz aldendu zen poeta sozial hau. Aresti gizon konprometitua zen, bat egin zuena bizitzea egokitu zitzaion gizartearekin, indarra eta grina erakutsi zuena bizitzari eta bere obrari aurre egiteko. Indar eta grina horiek izan beharko genituzke eredu eta jarraibide.