Bidegorrien eta oinezkoentzako sarbideen sarea hobetzeko, Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak zenbait jarduketa egingo ditu uriko hiru puntu neuralgikotan. Loturak Zumalacarregui etorbidea eta Begoña artean, Agirre Lehendakariaren etorbidea eta Deustuko zubia, eta Irala eta Miribilla auzoen artean. Hiru jarduketak faseka gauzatuko dira 2024 eta 2025 artean, eta guztira 6,6 milioi euroko inbertsioa aurreikusten da; horren erdia Europako funtsekin ordainduz.

Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziaren hitzetan, "Udala erabat konprometituta dago uriko bizikleta bidezko mugikortasunaren aldeko apustuarekin, bizimodu osasungarriago eta jasangarriago bat sustatzeko funtsezko elementu gisa, eta uriaren diseinuan ahal diren lekuak oinezkoentzako bihurtzeari lehentasuna emanez".

Begoña auzoa urigunearekin eta bizikleta-sarearekin lotzea ahalbidetuko duen bizikleta eta oinezkoentzako lotura sortzeko, norabide biko bidegorriak sortuko dira lehen fasean, eta norabide bakarrekoak, igoerakoak eta jaitsierakoak, bigarrenean, Ernesto Erkoreka plazatik Guridi Musikariaren plazara.

Bidegorria noranzko biko bidegorri modura hasiko da Ernesto Erkoreka plazan eta Udaletxetik hurbilen dagoen galtzadaren zati bat hartuko du, baina ez du zirkulaziorako erreirik kenduko. Bidegorria bitan banatuko da San Agustin estrataren aurrean dagoen biribilgunera iritsi aurretik, zebra-bidearen parean, eta biribilgunetik igaroko da, noranzko bakarrean. Bidegorria jartzeko, gaur egun udaletxearen ondoan dagoen taxi-geralekua kenduko da eta Zingira kalera eramango da.

Agirre Lehendakariaren etorbidean eta Agirre Anaien kalean dauden bidegorriak lotuko dira, Pio X.aren biribilgunetik, eta Deustuko zubitik Euskadi plazaraino joango den bidegorri berria sortuko da, Lehendakari Leizaola kaletik Abandoibarra etorbideko bidegorriarekin lotuko dena.

Gaur egun, Pio X.aren biribilgunean eta Agirre Lehendakaria, Francesc Macià, Deustuko zubia eta Agirre Anaien kaleekin dituen loturetan, elkarrekin konektatuta ez dauden bidegorri batzuk elkartzen dira eta horrek txirrindulariak ibilgailuen fluxuan sartzera behartzen ditu, horrek dakarren arriskuarekin. Jarduera honen bidez egoera hori saihestu nahi da.

Hirugarren jarduketa Irala eta Miribilla auzoak bidegorri bidez konektatzean datza, Eskurtza parketik. Bidegorri berria Irala auzoko Díaz Emparanza Doktorearen kaletik abiatuko da, eta parketik Miribillako Askatasuna etorbideko gaur egungo bidegorriarekin lotuko da.

Bidegorriaz gain, oinezkoentzako hiru bide-zati berri sortuko dira haren ondoan. 3 metroko zabalera izango dute eta Miribilla auzotik gertuen dagoen eremuan egongo dira. Askatasuna etorbidean, orain dagoen irlatxoaren zati bat kenduko da, galtzada zabaltzeko eta bizikleta-erreia espaloitik hurbilen dagoen aldean proiektatzeko, horrela gaur egungo bidegorriarekin lotzeko.

Lehenengo fasea, Miribilla auzoko bidegorri berriari dagokiona Eskurtze parkearekin konektatu arte, aurten egingo da, bizikleta-ibilbide bat eta oinezkoentzako beste bat diseinatuz; tarte guztietan beharrezko argiztapena eta semaforoak jarriko dira. Behar diren hiri-altzariak jarriko dira eta euri-urak husteko sarearen zati bat berritzeko aprobetxatuko da.

Bigarren fasean, bidegorria parketik lotuko da Díaz Emparanza Doktorearen kalearekin eta 2025ean egingo da.